Jose Jabier Zabaleta Elosegi Baldo euskal presoa gaur atera da libre Zuerako (Zaragoza, Espainia) kartzelatik —han egon da atzeneko urteetan—, espetxean 29 urte egin ondoren. Arratsaldeko lehen orduan harrera egin diote Hernani (Gipuzkoa) jaioterrian. Jende asko zeukan zain. Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak Twitterren idatzi du "etakidea izateaz harro den baten omenaldia" izan dela Hernanikoa, baina Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu du Ertzaintzak ez duela harrera ikertuko, "terrorismoa" goratu ez dela iritzita.
1990eko irailean atxilotu zuten Zabaleta, Miarritzen (Lapurdi), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra jaso zuen Frantzian, eta, ondoren, Espainiaratu egin zuten. Auzitegi Nazionalak hainbat kondena ezarri zizkion, ETAren arma eta lehergai batzuekin eta pare bat atentaturekin zerikusia izan zuelakoan. Duela 43 urte egin zuen ihes jaioterritik, eta Ipar Euskal Herrian egon zen iheslari moduan, Frantziako Poliziak orain dela ia 30 urte atzeman zuen arte.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kidea izan da. Orain EPPK-ko 252 kide daude espetxean. Haietatik, bost lagun baino ez daude Euskal Herrian, 208 Espainiako Estatuan eta 39 Frantziakoan. Haiez gain, beste hamar euskal preso daude.
Zuerako kartzelan orain EPPK-ko hamar lagun geratu dira.