78ko Sanferminak Gogoan herri ekimenak salatu duenez, kendu egin dute German Rodriguez zenaren alde Gogoan monumentuan jarritako plaka. Iazko ekainean jarri zuten plaka hori, eskultura batekin batera, eta "ezezagunek lapurtu" dutela jakinarazi du gaur Iruñeko plataformak. Memoria historikoa lantzen duten lekuen erregistroan sartua du Nafarroako Gobernuak, eta, beraz, bereziki zaindu eta babestu beharrekoa da", azaldu dute ohar batean: "Lapurreta hori beste eraso bat da, Germanen hilarriaren aurkakoen ondoren".
Gertakaria salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar, 12:00etan, Rodriguezen oroigarria dagoena lekuan.
Gogoan! monumentuaren plaka lapurtu dute! pic.twitter.com/z1z08bKv3X
— Sanfermines78gogoan (@SF78gogoan) July 26, 2019
Urtero gisan, aurtengo uztailean ere oroitu zuten Rodriguez, hilaren 8an. Berezia izan zen aurtengoa; izan ere, urtarrilean, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak German Rodriguezen kasua auzitara eraman zuen berriro. Maria Servini Argentinako epaileak frankismoaren krimenen kereilan sartu ditu duela 41 urteko uztaileko gertakariak.
1978ko sanfermin haietan, tiroka sartu zen Polizia Iruñeko zezen plazan duela 41 urteko uztailaren 8an. Poliziak irrati bidezko koordinazioan esandakoak: "Tiro egin indar guztiekin; ez diezazuela inporta inor hiltzea". Istiluak hiri osora zabaldu ziren. Zauritu ugari egon ziren egun hartan; 11, tiroz jota. German Rodriguez Liga Komunista Iraultzaileko kidea zen horietako bat, lehenengo hildakoa. Hurrengo egunetan, Euskal Herri osora zabaldu ziren protestak, Gipuzkoara bereziki. Donostian hil zuten bigarrena: Joseba Barandiaran.