Lan gatazka

Deliverooko langileak autonomo faltsuak direla berretsi du auzitegi batek

Iragan maiatzean egin zen epaiketa, Madrilen. Bertan, Deliveroo enpresa banatzailearentzat lan egiten zutenak "soldatapeko langileak" zirela zioen Espainiako Gizarte Segurantzak. Enpresaren irizpideen arabera, aldiz, "autonomoak" ziren.

Deliveroo enpresa banatzailearen bizikleta bat, artxiboko irudi batean. CARLOS PEREZ / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 23a
13:30
Entzun

Hilabeteak igaro dira banatzaileen gatazka azaleratu zenetik. Geroztik, ugariak izan dira bizikleta gainean doazen banatzaileak autonomo faltsuak diren edo ez diren argitzea helburu duten adierazpenak. Testuinguru horretan iritsi da Espainiako Gizarte Segurantzak Deliveroo enpresa banatzailearen aurka abiatu zuen prozesu judizialaren epaia. Gizarte Segurantzak irabazi egin du enpresaren aurkako epaia, eta arrazoia eman dio Lan Ikuskaritzari. Epaiaren arabera, banatzaileak ez dira langile autonomoak, soldatapeko langileak baizik.

Iragan maiatzean izan zen epaiketa, Madrilen. Deliveroo enpresaren arabera, autonomoak dira bizikleta gainean lan egiten duten banatzaileak. Epaiak, ordea, soldatapeko langileak direla adierazi du, Gizarte Segurantzaren ustea berretsita. Lan Ikuskaritzak 2018an eginiko txosten batean du jatorria banatzaile enpresa horren aurkako prozesuak. Txostenaren arabera, Deliveroo enpresak soldatapeko langile gisa kontratatu behar zituen 2015 eta 2017 bitartean banatzaile moduan ibili ziren 532 autonomo.

Banaketa enpresa baten aurka inoiz eginiko epaiketarik handiena da, baina ez da lehena. Lan Ikuskaritzak eginiko txosten batzuk izan ziren lan gatazka argitara ematen lehenak: besteak beste, Deliveroo eta Glovo enpresa entzutetsuen aurka. Prozesu horietan, langileak autonomo faltsuak zirela berretsi zuten epaiek. Hala ere, izan dira aurkakoa adierazi duten sententziak ere. Gatazkaren erdian, epaiketa euren kontutik abiaraztea erabaki zuten hainbat langilek. Banaketa enpresa horien aurka egin zuten epaile batzuek, langileak autonomo faltsuak zirela iritzita. Beste batzuek, ordea, enpresen alde egin zuten, langileak autonomoak zirela berretsita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.