Ezkerrak ohar bidez jakinarazi duenez, bere Asanblea Politiko eta Sozialak ontzat eman du PSNrekin, Geroa Bairekin eta Ahal Dugu-rekin sinatu duen gobernu akordioa. Gehiengo zabalarekin eman dio batzarrak oniritzia. Botoen %87,5 izan dira aldekoak. Horrenbestez, Maria Txibite PSNko presidentegaiari inbestidura saioan babesa ematea ere erabaki dute.
Hurrengo gobernuak akordioa izenpetu duten lau alderdien babesa izango du, baina proposamenak onartzeko babes handiagoa bilatu beharko du Nafarroako Parlamentuan. Navarra Sumaren edo EH Bilduren botoak bilatzea izango dira aukera bakarrak. Ezkerrak "30eko akordioak" bilatzea "ezinbesteko" jo du gaurko asanblean. Hau da, gobernuaren proposamenak EH Bildurekin negoziatzearen alde agertu da. "Aniztasunean eta gizarte lehentasunetan oinarritutako ezkerreko politikak" bermatu nahi ditu.
Azaldu duenez, gobernu akordioak ez ditu jaso Ezkerrarentzat "estrategikoak eta funtsezkoak" diren hainbat gai: banku publikoa, Sozietate Zergaren erreforma eta tren soziala, besteak beste. Aldiz, Ezkerraren hauteskunde programak biltzen dituen "proposamen garrantzitsuak" aintzat hartu direla adierazi du. Horien artean aipatu ditu "gizarte eskubide, etxebizitza, gazteri, kirola, hizkuntza politika, hezkuntza eta osasun" arloari lotutakoak.