Emakumeak "libre eta beldurrik gabe" bizi nahi dutelako deitu du manifestaziora Izar eta Sararen aldeko babes ekimenak irailaren 8an, Izarren erasotzailearen aurkako epaiketa baino bi egun lehenago. Bizi nahi dut. Sara eta Izar bakarrik justizia honen aurrean lelopean, 13:30ean Donostiako bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Emakumeen Etxean egin den prentsaurrekoan.
Piccasent-eko epaileak Izar eta Sararen erasotzailea aske utzi zuenetik, ama-alabak "beldur eta mehatxupean" bizi direla salatu du Izar eta Sararen aldeko babes ekimenak. Sarak gailu telematikoa "uneoro" eraman behar duen bitartean, erasotzaileak bere eskumuturrekoa hiru alditan "ahaztu edo deskonektatu" duela adierazi dute babes ekimeneko kideek. Horrez gainera, Sara “erasotua baino erasotzaile moduan” hartua izan dela salatu dute Izar eta Sararen aldeko Babes Ekimenekoek.
Sara Majarenasen alaba Izarren erasotzailearen aurkako epaiketa irailaren 10ean hasiko da, Valentziako probintzia auzitegian (Herrialde Katalanak). Fiskalak, indarkeria matxista egon dela onartzeaz gainera, honako hau eskatu du: 30 urteko espetxe zigorra, zazpi urterako zaintzapeko askatasuna, guraso ahala kentzea, Sara eta Izarri eragindako kalteengatiko kalte-ordaina, eta gizarteratzeko ikastaroetan parte hartzea. 2017ko urtarrilean, Majarenas preso zegoen bitartean, haren bikotekide ohia bi urteko alaba hiltzen saiatu zen. Otsailaren 15ean, erasotzailea baldintzapean aske utzi zuen epaileak.
Egungo justizia sisteman "egiturazko aldaketak" egin behar direla ere adierazi dute babes ekimeneko kideek; izan ere, "emakumeak baztertu eta zapaldu" egiten dituen sistema baten aurrean gaudela jakinarazi dute, "zigor eta espetxe sisteman" oinarrituta dagoena batez ere.