Euskobarometroaren galderei erantzun dietenek 6,1 nota eman diote Iñigo Urkullu lehendakariaren kudeaketari, duela sei hilabete baino zortzi puntu gehiago. Hala, inkestaren arabera, galdekatutakoen %86k ontzat ematen dute egungo exekutiboaren lana.
Alderdiei dagokienez berriz, galdekatutakoen %61ek uste dute EAJ lan ona egiten ari dela. Gora egin dute EH Bilduk eta PSE-EEk ere %30eko eta %26ko oniritziarekin, hurrenez hurren. Buruzagi politikoen kasuan, berriz, Urkullu eta Andoni Ortuzar jeltzaleak dira nota hoberena jaso dutenak: 5,5 eta 5. Ondoren etorriko litzateke EH Bilduko Arnaldo Otegi (4).
Estatus politikoari buruz galdetuta, %31k diote independentziaren alde bozkatuko luketela erreferendum bat egingo balitz. Hala ere, —gaur egun, oraindik—, langabezia da herritarren kezken artean lehena, nahiz eta zortzi puntu jaitsi den aurreko seihilekoarekin alderatuta. Horren atzetik leudeke, hurrenez hurren, berdintasuna eta ongizatea (%26), arazo ekonomikoak (%7) eta egoera politikoa (%6).
Galdeketa maiatzaren 28a eta ekainaren 19 bitartean egin du EHUko Politika Zientzietako Departamentuko talde batek, eta 1.200 herritarrek hartu dute parte.