Hondakinak

GHK-k ez dio helegiterik jarriko Bilduko agintariak errugabetu zituen epaiari

Espainiako Kontu Auzitegiak ekainean berretsi zuen Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinek zuzen jokatu zutela errauste planta geldituta. Txosten juridiko bat eskatu ondoren, ebazpenaren aurka ez egitea erabaki du GHK-k, gaur egindako batzarrean.

Zubietako errauste planta, otsailean. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko uztailaren 19a
10:38
Entzun

46 milioi euroko zigorra ezarri nahi zien Gipuzkoako Foru Aldundiak (EAJ-PSE) Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK-ko arduradun ohiei —2011-2015eko legealdian, Intxaurrandieta partzuergoko presidentea zen; Errazkin, aldundiko Ingurumen diputatua—. Ekainaren 4ko sententzia jakinarazi zenean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ohartarazi zuen "eskura dituen aukera guztiak" aztertuko zituela 46 milioi euro horiek "berreskuratzeko", baina, txosten juridiko bat eskatu ondoren, Espainiako Kontu Auzitegian helegiterik ez aurkeztea erabaki dute; txostenaren arabera, ez delako "arrazoizkoa" aurrera jarraitzea.

Bilduk foru aldundian agintean egin zuen legealdian (2011-2015), orduko GHK-ko buruek hartu zuten aurreko gobernuak (EAJ) diseinaturiko errauste plantaren lanak gerarazteko erabakia. Erabaki hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSEko buruzagiek, eta, azken agintaldian, foru gobernua berreskuratuta, auzitara eraman zituzten. Kontu Auzitegian salatu zituzten botere desbideraketa larriagatik, eta leporatu zizkieten, halaber, azpiegituraren lanen gelditzeak eragindako diru galerak: 46 milioi, haien arabera.

Ekainean, Kontu Auzitegiak auzi jartzaileari leporatu zion ez frogatzea bere salaketan esaten direnak. GHK-k bere helegitean argudiatu zuen aurreko ebazpenean akatsak zeudela, baina Salako magistratuek ukatu egin zuten hori.

Lehenago ere Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoi eman zien EH Bilduko arduradunei, baina iazko urrian helegitea jartzea erabaki zuen GHK-k. EH Bilduk adierazi zuen "ulertezina eta arduragabea" zela "mendekuaren bidean jarraitzea".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.