Epaia jakin eta berehala iragarri zuten Altsasuko gazteen gurasoek Espainiako Auzitegi Gorenera joko zutela, zigorren kontrako helegitea aurkeztera. Gurasoek gaur jakinarazi dute helegite hori aztertzeko saioaren data zehaztu duela Gorenak. Irailaren 18an izango da. Adierazi dutenez, Antonio del Moral Garcia, Andres Palomo del Arco, Vicente Magro Servet, Susana Polo Garcia eta Andres Martinez Arrieta magistratuek osatuko dute helegitea aztertuko duen aretoko epaimahaia.
Auzitegi Nazionalak 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien orotara zortzi gazte zigortuei, iazko ekainaren 1ean. Bi guardia zibil eta euren bikotekideak jotzea leporatu zien. Epaian jaso zuenez, gazteek Guardia Zibilaren aurkako "gorroto eta erdeinuak bultzatuta" jokatu zuten, bazekitelako aldez aurretik nortzuk ziren erasoak. Aldeek helegiteak aurkeztu zizkioten epaiari. Defentsak absoluzioa eskatu zuen. Fiskaltzak eta herri akusazio gisa ari den Covite elkarteak, berriz, zigor gogorragoak galdegin zituzten, gazteek "eraso terrorista" egin zutela iritzita. Auzitegi Nazionalak baztertu egin zituen helegiteak, eta aurreko epaian ezarritako zigorrak berretsi zituen, joan den martxoaren 7an.
Altsasuko gazteen gurasoek epaia salatu zuten, eta nabarmendu zuten gazteak "terroristak balira bezala zigortu" dituztela, terrorismo deliturik leporatu ez zaien arren. Gogora ekarri zuten instrukzio fasean terrorismo delitua "maltzurki erabili zuela" Lamela epaileak, eta ondoren epaitu dituzten magistratuek Guardia Zibilarekin erlazio zuzena dutela —koronel batekin ezkonduta egoteagatik edo haien dominak jasotzeagatik, besteak beste—. Gazteei errugabetasun presuntziorako eta bidezko epaiketa izateko eskubidea urratu zaiela deritzote. Hori dela eta, helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean.
Fiskaltzak uko egin zion helegitea aurkezteari, eta, beraz, ontzat eman zuen gazteei terrorismo deliturik ez leporatzeko erabakia, nahiz eta auziaren hasieratik kontrakoa defendatzen aritu den. Hala ere, defentsaren helegitea inpugnatu du Gorenean, eta Auzitegi Nazionalak jarritako zigorrak berresteko eskatu dio. Fiskaltzaren esanetan, frogatuta dago "motibo ideologikoengatik" egin zizkietela gazteek egozten dizkieten lesio, atentatu, desordena eta mehatxu delituak, eta ez du uste Auzitegi Nazionaleko Apelazio aretoko epaileen inpartzialtasuna zalantzan dagoenik —bi epaile kondekoratu egin zituen Guardia Zibilak—. Fiskaltzak ez bezala, Covite elkarteak helegitea aurkeztu du Gorenean, gazteak terrorismo delituagatik zigortu ditzala eskatzeko.