Ekonomia

Laboral Kutxak kalkulatu du Hegoaldean 39.500 enplegu sortuko direla 2020a amaitzerako

Bankuak azaldu du dezelarazio prozesua areagotuko dela aurten, nahiz eta oraindik ere hazkundearen faseari eutsi.

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendaira eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendaria, gaur, Bilbon. LABORAL KUTXA
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 18a
08:30
Entzun

Aurten ere Hego Euskal Herriko ekonomiak hazten jarraituko du, baina erritmo motelagoan. Laboral Kutxak ekonomiaren egoeraren inguruko txostena aurkeztu du gaur goizean Bilbon —Iruñean ere aurkeztuko du eguerdian—, eta iragarri du BPG barne produktu gordinaren hazkundea aurten %2,5 inguru izango dela, eta datorren urtean %2 inguru. Iaz, EAEn, %2,8 izan zen hazkundea, eta Laboral Kutxak espero du aurten %2,2 izango dela; Nafarroan, aldiz, %3,2 izan zen 2018an, eta, aurten, %2,7 izango da. 

"2019rako dauzkagun itxaropenak positiboak dira”, adierazi du Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendariak, baina, halaber, ohartarazi du ekonomiaren alderdi ahulak konpontzeko garaia ere badela: zorpetze publikoa txikitzea eta “produktibitatea hobetzeko eta egiturazko langabezia murrizteko neurriak hartu beharra” aipatu ditu berariaz.

Madariagak nabarmendu du munduko ekonomia iaz dezelerazio prozesuan sartu zela, batez ere astindu geopolitikoen ondorioz: “Trumpen administrazioak bultzatutako joera protekzionistak, brexit-ak eta euroguneko arazoek eragina dute gaur egun munduko ekonomian”. Hortaz, iaz, munduko ekonomiaren hazkundea %3,5 izan zen, 2017an baino bi hamarren txikiagoa.

Dezelerazio faseak jarraitu egingo du aurten ere, nahiz eta hedapen faseari eutsi. Hazkundea moteltzeak eragin zuzena izango du lan merkatuan, Laboral Kutxaren kalkuluen arabera, eta enplegu sorreran “dinamismoa galtzea” ekarriko du. Hain zuzen ere, bankuak kalkulatu du 2019-2020ko biurtekoan Hego Euskal Herrian 39.500 lanpostu berri sortuko direla: 11.500 Nafarroan, eta 28.000 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Hirugarren desinflazio olatua

Enplegu sorrerak dinamismoa galtzearekin batera, "antzeko zerbait gertatuko da prezioekin ere". Madariagak esan du euskal ekonomiak gainean daukala beste "desinflazio olatu bat", krisialdia hasi zenetik hirugarrena. Ildo horretan, esplikatu du azpimarragarria dela diru politikaren norabide aldaketa aurreikusten dela, AEBetako Erreserba Federalaren azken esku-hartzeen ondoren. "Horrenbestez, espero da Erreserba Federalak urtearen bigarren zatian oinarrizko 50 puntu jaistea erabakitzea, eta Europako Banku Zentralak gordailu tasa oinarrizko beste 10 puntu jaistea".

Hori dela eta, Laboral Kutxako ordezkarien iritziz, "ezinbestekoa da" Txinak eta AEBek merkataritza akordio bat adostea, ordenatua izatea Erresuma Batua Europako Batasunetik irteteko akordioa, eta euroguneko politikak "sorrerako lankidetzaren eta elkartasunaren balioak" berreskuratzea. "Horrek guztiak gaur egun kezkagarriak diren zalantza nagusien panorama argituko luke", Madariagaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.