Ainhoa Gartzia Montero euskal presoaren senideek Etxerat elkarteari jakinarazi diote hari "tratu iraingarria" eman diotela Topasko espetxean (Salamanca, Espainia). Berriki eraman dute hara, Murtziatik. "Hilaren 12an Topasera iristean, bost eguneko lekualdaketaren ondoren, funtzionario batek erabat biluztea, kukubilko jartzea eta esertze ariketak egitea exijitu zion Ainhoari", dio Etxerat-en oharrak. "Euskal presoak ez zuen ukatu miaketa egitea, baizik eta funtzionario hark miaketa egiteko zuen era desegokiari egin zion uko. Funtzionarioak mehatxatu egin zuen, gauean zerbitzuburua iristean esertzeko ariketak egingo zituela esanez".
Gartzia zigortu eta berehala bakartu egin zuten, Etxerat-ek dioenez. Haren esanetan, gaur arte oso ziega zikin batean egongo da, armiarma sareekin, eta aspalditik botatako zaborrekin, osasun baldintzarik gabe.
"Espetxe araudiak biluzte integralaren mugak jasotzen dituela gogorarazi nahi dugu", dio elkarteak, eta azaldu du hil honetan gertatu den antzeko bigarren kasua izan dela. "Horrelako jarrera arbitrarioak gizartearen gehiengoen nahiaren kontra doazela salatzen dugu, normalizazioa bilatzeko bidean oztopoak jarriz".