Hilberria

Mariano Ferrer kazetaria hil da

Herri Irratiko zuzendariorde eta 'Egin' egunkariko zuzendari izandakoa 79 urterekin hil da. Bihar egingo diote omenaldia, 19:30ean, Donostiako Gladys Enea parkean.

Mariano Ferrer, rtxiboko argazki batean. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko uztailaren 15a
07:37
Entzun

Urte luzez adierazpen askatasunaren aldeko ekintzaile izan da Mariano Ferrer kazetaria Hego Euskal Herrian. Herri Irratiko zuzendariorde eta Egin egunkariko zeuzendari izandakoa atzo hil zen 79 urterekin. Hil beilarik ez dute jarriko, eta elizkizunik ere ez dute egingo; Gladys Enea parkean egingo diote agur ekitaldia, bihar, 19:30ean.

Donostian jaioa, apaizgaitegian ikasi zuen lehenik eta Jesusen Ordenean sartu zen. Ondoren, Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilen eta Kazetaritzan lizentziatu zen 1965ean. AEBetara joan zen jarraian, Teologia ikastera. Han ikasketak amaituta, Euskal Herrira itzuli zen, EHUn Zuzenbidea ikasteko asmoz. Donostian zela hasi zen Herri Irratian esatari gisa hasieran eta zuzendariorde gisa aurrerago.

Urte zailak ziren, emititzeko baimena izan arren, diktadurapean ezin baitzituzten zenbait albiste eman. Horiek hala, egunkarietako lerroburuak irakurtzen zituen Ferrerrek zentsura engainatu asmoz, nahiz eta batzuetan hori ere debekatu. Era horretan adierazpen askatasunaren ahotsetako bat bilakatu zen kazetari donostiarra.

Bera izan zen Egin-eko lehen zuzendaria 1977an hura lehen aldiz plazaratu zutenean ere. Zuzendaritzan epe laburra egin zuen, ordea, lerro editorialaren inguruko ezadostasunak zirela medio. Hala ere, Ferrer beti egon izan da lotua adierazpen askatausnaren aldeko ekimenekin. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean ere, 2003an epaileen erabakiaren aurka ahotsa altxatu zuenetako bat izan zen, eta berdin jokatu zuen 18/98 auziarekin ere, haren aurka sortu zen herri plataformako kide ezagunenetariko bat bilakatzeraino.

2004an erretiroa hartu bazuen ere, sekula ez zen erabat urrundu kazetaritza mundutik, eta hainbat kolaborazio eta artikulu idazteko baliatu zuen lasaitasun aldia. Besteak beste, bi liburu plazaratu zituen: Eskubideak, askatasunak eta Estatuaren arrazoia batetik eta Mariano Ferrer, esan nuena eta esaten dudana.

Euskaraz ikastea xede

Gazteleraz ikasi eta lan egin zuen urte luzez Ferrerrek, baina azken urteetan maiz esan ohi zuen euskaraz ikastea zela bere erronketako bat. Berez, 1960ko harraldian egin zituen lehen ahaleginak, jesuiten artean zela. "Herri Irratian lanean hastean ohartu nintzen derrigorrezkoa nuela euskaraz jakitea, kazetari osoagoa izateko. Entzuleei agindu nien saio bat euskaraz egingo nuela. Dena den, ikasketak lanarekin uztartzea ez zitzaidan batere erraza".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.