Euskal herria

EAJk ikurrina aldarrikatu du, "komunitatea egiten duen sinbolo gisa"

Alderdi jeltzaleak ekitaldi bat egin du Bilbon, ikurrina aurreneko aldiz igo zela 125 urte bete direla ospatzeko.

EAJko kideak, gaur, Bilbon, ikurrinaren omenaldian. Lehen lerroan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Itxaso Atutxa EAJren BBBko burua.
2019ko uztailaren 13a
19:57
Entzun

Ikurrina lehen aldiz igo zela 125 urte bete direla ospatzeko ekitaldia egin du EAJk Bilbon, kalejira batekin. Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak hitz egin du ekitaldi bukaeran, eta ikurrina aldarrikatu du, “komunitatea egiten duen sinbolo gisa". "Ikurrina beste nazio errealitateen pare egon dadin, errespetuan oinarrituta eta inolako inposaketarik gabe”, EAJk lanean segituko duela esan du Atutxak.

Bilboko Posta kalean, 1894ko uztailaren 14an, Ciriaco Iturri Euzkeldun Batzokija elkarteko kiderik beteranoenak Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek diseinatu zuten bandera altxatu zuen lehen aldiz. "Euzkeldun Batzokija izan zen lehen hazia, eta hortik sortu zen gero EAJ. Era berean, hasierako ikurrin hartatik sortu zen gure nazio nortasuna, gure sentimendua", azaldu du BBBko buruak, eta "125 urtera euskal aberria eraikitzen" jarraitzen dutela. 

Omenaldia Dendarikaleko Bilbo Zaharra batzokian hasi, eta batzokiko balkoian ikurrina igo dute. Euzko abendaren ereserkia kantatu ondoren, bi ikurrinekin eta txistulari talde baten laguntzarekin, Posta kalera joan dira, Euzkeldun Batzokija zegoen tokira. Itxaso Atutxarekin batera, bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ibone Bengoetxea Bizkaiko foru diputatua, Jon Andoni Atutxa BBBko kidea, Bilboko zinegotzi, Bizkaiko batzarkide eta EAEko legebiltzarkide batzuk, eta alderdiko jarraitzaile ugari.

1936ko urriaren 19an, lehen Euzko Jaurlaritzak, ikurrina ofiziala izango zela erabaki, eta Euskal Herriko bandera izendatu zuen. Frankismoan debekatuta egon zen. 1977an legeztatu zuen Espainiako Estatuak. EAJk nabarmendu duenez, "elkarbizitzaren eta errespetuaren ikurra" ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.