Altsasuko auzian zigortutako gazteak aske uzteko eskatu dute gaur ehunka lagunek Iruñeko sanferminetan. Errekoleten plazan elkarretaratzea egin dute gazte horien egoera "bidegabea" salatzeko. Bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatuta, bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Manifestariek Altsasukoak askatu, hau ez da justizia eta Alde hemendik, utzi bakean leloak oihukatu dituzte protestan. Sanferminetako peñek ere bat egin dute mobilizazioarekin.
"Altsasukoak askatu", "Hau ez da justizia" eta "alde hemendik, utzi bakean" oihuak #Sfk19@berriapic.twitter.com/biiHsBMqlN
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 13 de julio de 2019
Zigortutako gazteen gurasoek hitza hartu dute Errekoleten plazako agertokian. Gogorarazi dute hirugarren aldia dela sanferminetan mobilizatzen direla beren senideen alde. "Egunez egun ikusten ditugu gure semeen logelak hutsik. Festetan eta ohiko egunetan haien falta sumatzen da". Hala ere, egoera hori eramangarriagoa zaie gizartean aurkitu duten "babesa, ulermena eta konpromisoa" dela eta.
#Sfk19@berriapic.twitter.com/BmCMlF5ea2
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 13 de julio de 2019
Gurasoen esanetan, gizarteak ez du onartu behar "gazte batzuei, haien familiari eta herriari" ezarri dieten zigorra. "Injustizia ikaragarri hau gogorarazi eta salatu behar dugu". Nabarmendu dutenez, "Koxka tabernako gertakariak muntaia baterako erabili ziren, helburu politikoekin". Salatu dute gazteei bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkietela, behin-behineko espetxeratzearen erabilera "abusua" izan dela, epaian larrigarriak erabili direla zigorrak gogortzeko, eta, finean, "epaiketaren hasieratik giza eskubideak zalantzan jarri dituen dinamika politiko-judiziala" jarri duela indarrean Espainiako Estatuak. Oroitarazi dutenez, "aurki, Jokinek, Oihanek eta Adurrek mila egun beteko dituzte preso".
Iaz, herri sanferminen txupinazo alternatiboa botatzeko aukera izan zuten Altsasuko gurasoek. Hori gogoratu eta eskertu dute gaur. Bestalde, laguntza eskatu diete elkarte, norbanako eta eragile guztiei. "Edonon zaretela ere, zuen ahotsa behar dugu, aipatzen ez dena ahaztu egiten delako".
Gurasoek elkartasuna helarazi diete 11/13 sumarioko 47 auzipetuei ere. Irailaren 14an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egingo dutela adierazi dute.