Euskaltel Taldeko langile batzordeak bazuen arrazoirik kezkatuta egoteko. Hori bai, bizkor iritsi dira esperotako kaleratzeak, buruzagitza berria eta administrazio kontseiluan egindako aldaketak berretsi zituen ohiz kanpoko akziodun batzarraren biharamunean. Jose Miguel Garcia kontseilari exekutiboak jakinarazi die 25 langile kaleratuko dituela, eta konpainia jada hasi dela horiek beharginei komunikatzen.
25 kaleratzeetatik gehienak —hamar— Galiziako R-n egingo ditu Euskaltelek; beste zazpi behargin bidaliko ditu kalera Asturiasko Telecablen; eta kalera joango diren gainerako zortzi langileak beharrean Euskaltelen jardun dutenak izango dira. Ez dira Zegona funtsaren gizonak, Garciak, egiten dituen lehen kaleratzeak, buruzagitzara iritsi eta gutxira zuzendaritzako hogei kide bota baitzituen.
Langile komitearekin gaur egindako bilkuran, kontseilari exekutiboak ez du baztertu etorkizunean kaleratze gehiago izan daitezkeenik, eta ez du inolako bermerik eskaini horren inguruan. Gaur iragarritako kaleratzeak "antolaketa aldaketen barruan" kokatu ditu.
Langileak, haserre
Beharginen ordezkariek erabakia gaitzesteko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Derion, Euskaltelen egoitza nagusiaren atarian. Batzordeak ez du baztertzen beste neurriren bat ere hartzea. Langile batzordeko presidente Javier del Blancoren (CCOO) ustez, "Euskaltelen egon badago jarduera, eta ez dago zergati edo arrazoi ekonomikorik kaleratzeok justifikatzeko".
Euskaltelen kaleratutako zortzi beharginek Derioko egoitzan egiten dute lan, eta batzuek jada jaso dute kaleratzearen jakinarazpena. Del Blancoren arabera, kaleratuko dituzten langileak esperientzia handikoak dira, eta gehienek hogei urtetik gora daramatzate Euskaltelen lanean. "Merezi zuten urte horietan guztietan egin duten lanari balioa ematea eta etxea barruan egin zezaketena aintzat hartzea". Langile batzordeko presidentearen ustez, "egoera berrietara egokitu zitezkeen, beren soslai profesionala birbideratu, baina zuzendaritza berriak ez du hori aztertzeko sentsibilitaterik izan".
"Heriotza iragarri baten kronika da hau; abisatu genuen zetorrenaz, eta inork ez dio bendarik jarri zauriari", salatu du Del Blancok. "Euskaltel diru publikoarekin sortu zela gogorarazi behar izan genuen, baina ez Eusko Jaurlaritzak ezta beste erakundeek ere ez dute esku hartu" Zegonaren erabakiak eragozteko. "Bakarrik utzi gaituzte".