Indarkeria matxista

Kote Cabezudo auzipetu dute, 47 delitu leporatuta

21 emakumek salatu dute Cabezudo eta haietako lauren kasuan antzeman ditu epaileak askatasun sexualaren aurkako delituak. Adingabeen aurkako sexu erasoak jasotzen ditu autoak, eta bortxaketa kasu bat, besteak beste. Iazko maiatzaz geroztik, Martuteneko espetxean dago argazkilaria.

Kote Cabezudo, aurreko epaiketa baterako bidean. JUAN CARLOS RUIZ , FOKU
jokin sagarzazu
2019ko uztailaren 10a
07:14
Entzun

Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak itxi egin du Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzi nagusiaren instrukzioa, eta epaitu egingo dute. 47 delitu leporatu dizkio kasua ikertu duen Julian Garcia Marcos epaileak. 21 emakumek salatu dute Cabezudo. Harekin modelo jardun zuten, eta, besteak beste, sexu erasoak egitea eta haien baimenik gabe irudi pornografikoak zabaltzea egotzi zioten.

Epaileak askatasun sexualaren aurkako delituak antzeman ditu lau emakumeren kasuetan; zortzi kasutan, adingabeak galbidean jartzea; hamahirutan, intimitate urratzeak; hamazazpitan, iruzurra; eta bostetan, osotasun moralaren aurkako delituak. Alegia, emakume batzuen kasuan delitu bat baino gehiago leporatu dizkio instrukzio epaileak Cabezudori. Horiez gain, sexu abusuekin loturiko beste sei kasu jaso ditu autoan, baina horiengatik ez dute epaituko, preskribatuta daudelako.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan, First Models agentziarentzat lan egiten zuen, besteak beste, eta sona eta onespena zituen inguruan, baina azken urteotan hainbat salaketa jarri dituzte haren kontra sexu abusuengatik.

Momentuz, bi auzibide ditu zabalik. Aurrenekoan, urtarrilean epaitu zuten, eta errudun jo zuten: bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten, hertsatze delitu bat egotzita, auzi nagusian lekuko gisa deklaratzera deitutako emakume bati xantaia egiteagatik.

Auzi nagusiaren kasuan, uztailaren 1ean kaleratu zuen Donostiako Epaitegiak auzipetze autoa. Cabezudok preso jarraitzea ebatzi du epaileak. Iazko maiatzaz geroztik, Martuteneko espetxean dago, behin-behinean eta badaezpadako neurri gisa.

Adingabeak

Instrukzio epaileak argazkilariaren jokamoldea deskribatu du. Bere kontaketaren arabera, kasu gehienetan kontratu bat sinatzen zuen modeloekin. Saioetan, biluztuarazi egiten zituen, irudietan organo sexualak ez zirela azalduko hitz emanez. Gero, argazki horiek ordainpeko webgune pornografikoetan jartzen zituen, emakumeen baimenik gabe. Cabezudok modeloei hitz emana zien irudiak ez zituela helburu horretarako erabiliko, eta kontratuetan ez zen horri buruzko aipamenik egiten. Kasu batzuetan, emakumeen baimenik gabe ere egin zituen argazkiak.

Cabezudok, gainera, saio horiek baliatzen zituen sexu erasoak egiteko; gutxienez, lau kasutan antzeman ditu horren zantzuak epaileak. Besteak beste, bortxaketa bat jaso du autoan. Horren arabera, argazkilariak modelo bati mehatxu egin zion hari biluzik egindako argazki guztiak jarriko zituela Interneten, bagina sarketa egiten uzten ez bazion. Horren beldur, emakumeak men egin zuen. Horixe bera behin baino gehiagotan egin zuela azpimarratu du epaileak.

Ordurako, biktimak 18 urte baino gehiago zituen, baina erasoak adingabea zela hasi zen pairatzen. 14 urte zituenean, Cabezudok neska horren argazki biluziak jarri zituen Interneten, eta, autoaren arabera, gaur egun arte egon dira ikusgai. 15 urterekin egin zizkion lehen sexu erasoak; besteak beste, behatzekin bagina sarketa egin zion behin.

Adingabeekin loturiko kasu gehiago azaltzen dira autoan. Epaileak dio gutxienez 18 urtez azpiko beste zortzi modeloren argazkiak jarri zituela webgune pornografikoetan. Neska horiek galbidean jartzea leporatu dio.

Auzipetze autoarekin batera, beste bi auzibide zabaltzeko eskatu du epaileak. Bata, kontratuen faltsutzeekin loturik, eta beste bat, hamabost webguneri buruzkoa. Azken horrekin lotuta, hainbat pertsona ikertzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.