Handitzen jarraitzen du Uvescok, Sabecori Bizkaian 11 denda erosita

Supermerkatu kateak Sabecorentzat lan egiten zuten langile guztiak hartuko ditu bere taldean

BM supermerkatu bat. UVESCO TALDEA
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 9a
07:48
Entzun

Akordioa sinatu du Uvesco talde gipuzkoarrak Sabeco Banaketakekin, Simply markapean lanean zebiltzan 11 saltoki erosteko. Lehia agintarien oniritzia falta da eskualdatzea behin betikoa izan dadin.

BM eta Super Amara markak biltzen dituen konpainiak erosi dituen Simply dendetatik bost Bilbon daude —Begoña, Errekalde, San Ignazio eta Santutxu auzoetan eta Kanaria Uharteak kalean—. Bina, berriz, Barakaldon, Santurtzin eta Portugaleten. Supermerkatu kateak saltoki horietan lanean dabiltzan beharginen %100 bere langile taldera gehituko dituela hitzeman du.

Gaur egun, 221 supermerkatu ditu Uvescok Hego Euskal Herrian eta Espainian —Kantabrian, Errioxan, Madrilen eta Avilan— sakabanatuta, eta 4.569 langile ditu guztira. Banaketa enpresak 740 milioi euro fakturatu zituen 2018an, eta 2019an 770 milioira iristea espero dute.

Bizkaian du banaketa taldeak presentzia handiena, 90 saltoki eta 1.594 langilerekin. Gainera, ez da Uvescok Bizkaiko saltoki kate bat erosten duen lehen aldia, 2011. urtean Erkoreka supermerkatu katearen jabe egin baitzen, 50 dendarekin.

Bolada onean da Uvesco Taldea. Orain urte batzuk produktu freskoen kalitatean oinarritutako eredua martxan jarri zuen, eta emaitzak hobetzen ari dira urtez urte. Eredu honi esker, iaz 188,6 milioi euro erabili zituen bertako hornitzaileei produktuak erosteko, 2017an baino 8,7 milioi euro gehiago.

Pasa den urteko datuei erreparatuz, taldearen hazkundea sektorearena baino %1,7 handiagoa izan zen, eta fakturazioa %4 igotzea espero du datorren urterako; 770 milioira helduko lirateke eta 200 enplegu berri sortuko lituzkete.

Zabalkunderako estrategia

Azken bi urteetan Madrilen hazi da nagusiki Uvesco Taldea, BM markarekin. Jose Ramon Fernandez de Barrena zuzendariak argi utzi zuen 2018an zabalkunderako «aukera gehien» Madrilen zeudela eta ondorengo hamar urteetan 50 saltoki inguru zabaltzeko aurreikuspena zutela bertan. Horren erakusgarri da aurten irekiko dituzten zortzi supermerkatu berrietatik sei kokatuko direla Madrilgo erkidegoan.

Sabecoren dendak erosita,  Euskal Herrian ere haztearen aldeko apustua egin du oraingoan Uvescok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.