Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Garikoitz Aspiazu Rubina euskal presoa Arlesko espetxetik Lannemezangora (Okzitania) gerturatu dute. Euskal Herritik 700 kilometrora dago Arlesko espetxea eta 290 kilometrora Lannemezangoa —Altsasu (Nafarroa) hartzen du erreferentzia gisa Etxerat-ek—. Hain zuzen, urte hasieran elkarteak berak jakinarazi zuen auto istripua izan zutela Aspiazuren bikotekideak eta 2 urteko haurrak, bisita batetik bueltan —beste auto batek kolpea eman zien atzetik, eta ihes egin zuen ondoren; ez zuten zauri larririk izan—.
2008tik dago preso Garikoitz Aspiazu santutxuarra, ETAko kide izateagatik. Hainbat zigor urte ditu ezarrita Frantziako Estatuan.