Ikurrina

EH Bilduk salaketa aurkeztuko du Udaltzaingoak Belokiri egindako lesioengatik

Txupinazoan Beloki eta Gomez zinegotziak Iruñeko udaletxean ikurrina zabaltzen ahalegindu zirenean egin zuen udaltzaingoak haien kontra. Beloki ospitalera joan zen, minduta, eta EH Bilduk baieztatu du salaketa aurkeztuko duela ospitalean eman zioten mediku agiriarekin.

Tentsio unea izan zen txupinazoan, Iruñeko udaletxeko balkoian, udaltzaingoa Maider Belokiri (EH Bildu) eta Itziar Gomezi (Geroa Bai) ikurrina kendu zienean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko uztailaren 8a
08:50
Entzun

Iruñeko udaltzaingoak txupinazoan Maider Beloki EH Bilduko zinegotziari egin zizkion lesioak epaitegien aurrean salatuko ditu koalizioak. Udaletxeko balkoian ikurrina zabaltzen ahalegindu zen Beloki, Itziar Gomez Geroa Baiko udal ordezkariarekin batera, eta udaltzainek indarrez eragotzi zieten. Ikurrinak kendu zizkieten eskuetatik, tiraka. Ikurrinari tira egiterakoan, Belokiren ileetatik ere tira egin zuen udal poliziak. Beloki ospitalera joan zen, minduta; erradiografiak egin zizkioten, eta medikuen lesio partea jaso zuen: zerbikaletako muskuluen kontraktura larria dauka, eta gaixo agiria eman diote. Amaia Izkok eta Joxe Abaurreak besoetan ubeldurak dituztela ere jakinarazi dute EH Bilduko iturriek.

Ospitaleak berak igorri zuen epaitegira Belokiren partea, eraso fisikoengatik artatzera joaten diren pazienteekin duen protokoloagatik. Orain, epaitegiak Belokiri deitu behar dio salaketak aurrera egitea nahi ote duen baieztatzeko. EH Bilduk esan du aurrera jarraituko dutela prozeduran.

Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiaren esanetan, atzo "askoz ere okerrago" zegoen larunbatean baino. Haren esanetan, udaltzaingoak "muturreko indarkeria" erabili zuten "Enrique Maia alkatearen aginduz, hiri honetako zinegotzi hautetsi baten kontra". Gertaera "kontaezina" izan dela gaineratu du. "Irudiak aski argigarriak dira lesioa non izan den ikusteko, nolakoa izan zen erasoa eta, finean, Enrique Maia jaunak nola bidali zituen zerbitzari publikoak zinegotzien kontra indarra erabiltzera: hiri honetako zinegotzi hautatuen aurka".

Belokiri eta Gomezi ikurrina kentzen dieten unea ikus daiteke Miren Aranoa EH Bilduko parlamentariak Twitterren zabaldu zuen bideoan.

Asironek gogorarazi du ikurrina "legezkoa eta zilegia" dela, eta Iruñeko "sektore oso zabal batek" sentitzen duela bere. Maiari mintzatuz, adierazi du "bandera horrek sumintzen zaituela esatea faxismora asko hurbiltzen" dela.

Orain ez da salaketa jarriko duten ala ez argitzeko garaia, Asironen esanetan. "Orain elkarbizitzarako eta lasaitasunerako deia egiteko garaia da, eta, noski, probokatzen ari den bezala probokatzeari uztekoa". EH Bilduko ordezkariak azaldu du izango dela denbora nahikoa gero ere salaketa aurkeztu ala ez erabakitzeko.

Itziar Gomez Geroa Baiko zinegotziak ere alkatearen jokabidea kritikatu du. Haren hitzetan, "ikurrina jartzea beste sentsibilitate bat ordezkatzeko" keinu bat da. Gomezen iritziz, ez da onargarria alkateak keinu hori indarrez eragozteko agintzea.

Maiak, beste salaketa bat

Maia Navarra Sumako alkateak, berriz, indar abertzaleei leporatu die "Nafarroarenak ez diren sinboloak" inposatu nahi izatea. Alkateak udaltzainen portaera defendatu du, eta adierazi du "legedia" babestu dutela. Giroa gaiztotze egotzi die Indar abertzaleei. "Haiek nahasten dute giroa, eta ez guk".

Maiak ziurtatu du Navarra Sumako zinegotzi batek ere lesioak izan zituela txupinazoan. EH Bilduko zinegotzien ostikoak jaso zituela adierazi du. Navarra Sumako hautetsi horrek mediku agiri bat duela jakinarazi du alkateak. Maiaren esanetan, eskuineko koalizioa ere aztertzen ari da auzitara jotzea. Udaltzain bati haginka egin ziotela gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.