Demokrazia Berria alderdi kontserbadorea nagusitu da Greziako hauteskundeetan. Botoen %39,7aren babesarekin, Kyriakos Mitsotakisek herrialdea gobernatuko du. Greziarrek aldaketaren alde bozkatu dute, eta gobernuan den Syriza alderdiak porrota jaso du hautetsontzietan. Alexis Tsipras jarduneko lehen ministroak emaitza txarrak izan dituztela aitortu du. Botoen %31,6k bildu dituzte. Aurreko hauteskunde orokorrekin alderatuta, milioi bat boto galdu du ezkerreko koalizioak. Hirugarren indarra izan da Kinal Aldaketaren Aldeko Mugimendua (%7,81); laugarren, KKE Greziako Alderdi Komunista (%5,37); bosgarren, Irtenbide Greziarra eskuin muturreko alderdia (%3,74), eta, seigarren, Yanis Varufakis ministro ohiaren MeRA25 alderdia (%3,49).
Parlamentutik kanpo gelditu da eskuin muturreko Urrezko Egunsentia. Botoen %2,96 bildu ditu. Ez da iritsi, beraz, ordezkaritza lortzeko gutxieneko %3ra iritsi.
Abstentzioa handia izan da. %44,2koa. Europako azken hauteskundeetan izan zena baino handiagoa. %41,3koa izan zen joan den maiatzaren 26an.
Mitsotakisek gehiengo osoa izango du parlamentuan. Izan ere, alderdi irabazleak 50 diputatu gehiago eskuratzen ditu Grezian. Alderdi kontserbadorea ez da derrigortuta egongo kanpainan iragarri dituen neurriak negoziatzera. Zergen jaitsiera, soldaten igoera, atzerriko inbertsioen sustatzea eta segurtasuna ezarri ditu lehentasun gisa Mitsotakisek. "Gizarteak mezu argia eman du (...). Greziar guztiak ordezkatzeko egingo dut lan. Gutxiegi gara zatituta egoteko", adierazi du garaipenaren osteko hitzaldian.
Lehen ministro berri izendatuko dutena Greziatik joan diren herritarrei ere zuzendu zaie. "Oraindik ez dizuet eskatuko itzultzeko, baina bai begiak eta bihotza Grezian jar ditzazuela. Gogor egingo dugu lan alde egitera behartu zintuzten herrialdea aldatzeko". Mitsotakisen esanetan, "gardentasuna eta meritokrazia itzuliko dira" Greziara, eta herrialdearen ahotsa "indartu" egingo da Europan.
Tsiprasek Mitsotakisi deitu dio garaipenarengatik zoriontzeko, eta nabarmendu du Syrizak "Greziaren historia modernoaren unerik zailenean" gobernatu duela. "Akatsak" izan dituela aitortu du, baina ziurtatu du herrialtea "austeritatetik askatzea" izan dela uneoro bere gobernuaren helburua. Orain, Syriza eraldatzeko unea dela gaineratu du, "alderdi aurrerakoi demokratiko handi" batean bihurtzeko. Tsiprasek espero du Demokrazia Berriak "mendeku politikarik" ez ezartzea; "bereziki, langileen eta gutxiengoen babesari dagokionez".
Varufakisen alderdiak ordezkaritza lortu du parlamentuan, ozta-ozta. Ministro ohiak adierazi du lortutako ehunekoa (%3,8) "txikia" dela, baina "aldakera aldi bat" hasteko "nahikoa" dela.