PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aste osoa eman dute sektorekako bilerak egiten, Nafarroako Gobernurako programa akordio bat adostu eta Maria Txibite PSNko lehendakarigaiaren inbestidura ahalbidetzeko. Atzo egin zuten bilera orokor bat, eta gaur goizean berriro batzartu dira. Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak esan du hitzarmena —gaztelaniazko bertsioa baino ez dute helarazi— "anbiziotsua" dela. Alderdien arteko desadostasunak ere jaso dituztela azaldu du. Inbestidurarako, beharrezkoa du EH Bilduren abstentzioa, eta, horri buruz, adierazi du koalizioak ikusi beharko duela zer egin.
Akordiorako oinarriaren berri izan eta berehala, koalizioak lehen balorazio bat egin du, eta lau alderdi horiei gogorarazi die ez dutela gehiengoa Nafarroako Parlamentuan: "Bai gobernua izateko, bai gobernuari egonkortasuna emateko, EH Bildu ezinbestekoa da". Atzo Joseba Asironek aurreratu zuen moduan, EH Bilduk gaur esan du "bere burua aurrerakoitzat izango lukeen gobernu posible bat" ezin dela oinarritu gizartearen "zati baten bazterketa politikoan", eta "bizikidetza eredu demokratikoan" oinarritu beharrekoa litzatekeela. Hala ere, gaineratu du azken urteetan lortu diren "aurrerapauso sozial eta demokratikoak" bultzatzen eta sustatzen jarraituko duela, "baita bizikidetzaren eremuan ere".
Txibite: "Besteek ikusiko dute zer egin"
Bilera amaituta irten dira prentsaren aurrera Txibite, Uxue Barkos (Geroa Bai), Eduardo Santos (Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (Ezkerra). Txibitek azaldu du programa akordio hori lortu nahi zutela hiru alderdi horiekin, eta besteez zera esan du: "Ikusiko dute zer egin. Ez gara hor sartuko". Edukia gaur bertan argitaratuko dute: "Publikoa izango da". Izan ere, lau alderdiek 23 parlamentari dituzte Nafarroako Parlamentuan, eta, inbestidura saiorako, beharrezko dute EH Bilduko zazpi parlamentarien babesa edo abstentzioa.
Txibitek azaldu du Sanchezek atzo "argi" zituela gauzak. "Ez da inongo arazorik izango", gaineratu du: "PSOEk badaki zer egiten ari garen eta nola". Era berean, nabarmendu du Espainiako eta Nafarroako prozesuak "desberdinak" direla, eta berretsi du ez dutela EH Bildurekin hitz egingo. Txibiteren arabera, "dena" dago jasoa itunean: nola kudeatuko duten akordioa, desadostasunak. Hori eginda, sanferminen ostean gobernuaren osaeraz hitz egingo dute. Izan ere, negoziazioaren fase honetan ez dute hitz egin gobernuaren organigramaz.
70 orrialdeko hitzarmena
Programa akordioak 70 orrialde inguru ditu, eta Barkosek PSNren jokabidea eskertu du: "Aitortu nahi dut PSNren posizioa, akordio anbiziotsu eta plural horretan; aurretik ezarritako ildoa berresten du, aurrera egiteko". Arratsaldean aurreratuko dituzte akordioaren edukiak.
Barkosen hitzetan, Espainiari begira ere Nafarroak erakutsi du desberdinen arteko akordioa posible dela. Nabarmendu du "gehiengo aurrerakoi bat" dagoela: "Eskertzeko eta politika egiteko gaitasuna erakutsi dugu". Aipatu du "hasieratik" esan dutela gobernuan egoteko asmoa dutela: "Maiatzaren 26ko erantzukizuna gobernura eraman nahi du Geroa Baik, baita esperientzia ere".
Barkosek zehaztu du ez dela "inoren bitartekari": "Jarduera parlamentarioetan ikusiko da, alderdi bakoitza izango da egiten duenaren protagonista".
De Simonek ere "kontsentsuaren garrantzia" nabarmendu du. Ezkerraren arabera, "gutxieneko akordioa" da, baina nahikoa eta osoa. Alderdi guztiek militanteen eskuetan utziko dute edukiaren onarpena. De Simonek espero du babes zabalagoa edukitzea eta "30era" iristea: "Legealdirako akordio bat lortu dugu, eta hor konpromiso garrantzitsuak daude. Akordioaren zutarriak eduki soziala eta elkarbizitza dira". Eskuinaren alternatiba direla azpimarratu du. Akordiorako oinarria "osoa" da, adostasunak eta desadostasunak jaso direlako.
Santosek, berriz, "argi" du "lehenik ibilbidea" adostu behar dela, "gero nola, eta ondoren izenak". Santosek elkarrizketarako gaitasuna erakutsi dutela uste du, "zeharkakotasunetik eta desberdintasunetik".