Sanferminak

Zezenketen abolizioa eskatzeko protesta egin dute Iruñean

Iruñean, Anima naturalis eta Peta taldeek antolatu dute mobilizazioa. Performance baten bitartez irudikatu dituzte jaietan hilko dituzten 54 zezenak.

Peta eta Anima Naturalis taldeko kideek krimenaren eszena bat irudikatu dute Iruñeko Udaletxe plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 5a
09:22
Entzun

Bihar hasiko dira sanferminak, eta, urtero bezala, zezenketen aurkako protesta egin dute ehunka aktibistak gaur goizean Iruñeko Udaletxe plazan. Beren gorputzekin irudikatu dituzte sanferminetako bederatzi egunetan hilko dituzten zezenen gorpuak.

Krimenaren eszena baten antzekoa irudikatu dute protestan zirenek. Krudelkeria hitza idatzita zuen zinta baten barruan sartu dira 54 lagun, festetan hilko dituzten 54 zezenak irudikatuz. Erdi biluzik zeuden, eta zezenei plazan sartzen dizkieten banderillen antzekoak zituzten bizkarrean. Iruñean zezenak hiltzen dituzte, Zezen kurtsa gehiagorik ez eta antzeko mezuak hainbat hizkuntzatan idatziak zituzten kartelak erakutsi dituzte. Lurrean, zezenen gorpuen siluetak marraztu dituzte, zuriz. Ingeles hutsezko pankarta bat ere zabaldu dute; honakoa zioen: Zezenek hilketa odoltsu bat dute Iruñean.

“Guk, geure gorputzekin, arte gisa saltzen den krimenaren eszena bat irudikatu dugu”, azaldu du Yasmina Morenok, protestan ziren Anima naturalis eta Peta taldeetako kideen izenean. “Jar zaitezte zezenaren azalean”, eskatu du; “Urtero-urtero, festatzat jotzen diren horietan hiltzen dituzten milaka zezen horietako baten azalean”. Morenok gogorarazi du, halaber, gaur egun zezenketak munduko zortzi herrialdetan baino ez direla legezkoak. Tauromakia abolizioa oihukatuz amaitu dute komunikatuaren irakurketa; ondoren, lurrean etzan dira protestan zeuden guztiak, zezenen silueten barruan.

Performancea egin dutenen artean euskal herritarrak zeuden, baina baita kanpotik etorritakoak ere; besteak beste, Danimarka, Alemania, Ingalaterra eta Norvegiakoak zeuden. Protestara joan direnen artean ere, iruindarrak ez ezik, kanpotik espresuki etorritako lagunak zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.