Bi eskola publikotan gehituko da murgiltze ereduaren esperimentazioa heldu den eskola sartzean: Irisarrin (Nafarroa Beherea) eta Ainhoan (Lapurdi). Hala iragarri du Bordeleko Akademia Errektoretzak. Badira urteak Irisarrin murgiltze sistemaren ahalegina egin nahi dutela, baina ezezkoa jaso dute luzaz. Aurten mobilizazio andana egin dute, eskolak itxiz, adibidez. Azkenean, jakin dute irailetik goiti martxan jartzen ahalko dela esperimentazioa.
Ipar Euskal Herriko ikastetxe publikoetan 2008an abiatu zen lehen murgiltze esperimentazioa, Miarritzen (Lapurdi). Geroztik, hamazazpi ikastetxetan dago. Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko kidearen ustez, horrek erakusten du "behar argia" dagoela. Ainhoan eta Irisarrin, gurasoen %80k egin zuten murgiltzearen alde. Guraso gehienen baiezkoa behar du eskola bakoitzak esperimentazioa ezarri nahi badu. Baldintzak betetzen bazituen ere, Irisarriko eta Ainhoako eskolei ez zieten baimenik eman.
Sartzeko baldintza hobeak
Etxebarnek albiste ontzat jo du errektorearen jarrera aldaketa, eta gurasoen eta irakasleen "lan eraginkorrarekin" lotu du. Gogorarazi du, hala ere, beste eskola batean ere eskatua zutela murgiltze esperimentazioa: Angelun (Lapurdi). Kasu hartan ere ados ziren guraso gehienak, %60. EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabitek azpimarratu du gauzak "aitzina" egiten ari direla bide egokian. Seaska eta Paris irakasle postuei buruz lantzen ari diren akordioa ere aipatu du. "Baldintzak beteak dira sartzea giro baketuan egiteko".
Irisarrin, adibidez hamar ikasle hasiko dira esperimentazioan irailean. Ez dakite zenbat irakaslerekin, Cecile Cachenaut irakasleak dioenez: "Ikustekoa da nola antolatuko dituzten postuak".