Frantziako Gobernuko ordezkariek Seaska ikastolen elkarteko ikasleen brebeta azterketak bildu dituzte, eta Bordelera eraman, euskaraz ez dakiten irakasleen esku uzteko. Iaz ere 180 ikasleren probak jaso zituen Parisek Ipar Euskal Herrian, eta Pauera eraman zituen, Okzitaniara. Bordeleko Akademia Errektoretzak agindu zuen euskaraz egindako azterketa horiek ez zuzentzeko. Hala, ikasleek oso nota apalak izan zituzten zientzietako azterketan. Hala ere, Seaskako ikasle guztiek lortu zuten proba gainditzea.
Edurne Manterola Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak ministerioaren jokabidea salatu du: "Erabaki hau politikoa da, duela 2 urte zuzenduak izan baitziren. Zergatik aurten ez? Parisetik blokeatzen dute".
Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko bilduak ziren dozenaka ikasle, irakasle eta guraso Donibane Lohizuneko Ikuskaritza Zentroan (Lapurdi), eta orduan agertu dira Frantziako Gobernuko ordezkariak azterketak eramateko. Etsaminak hartu eta Hazparnera joan dira, eta handik Maulera. Hiru zentroetako azterketak Bordelera (Okzitania) eraman dituzte ondoren.
Iaz, brebeta euskaraz ez zuzentzeko agindua "politikoa" izan zela salatu zuen Seaskak, bazirelako probak euskaraz zuzentzeko prest zeuden irakasle elebidunak. Ikastolen elkarteak ziurtatu zuen azterketak euskaraz egitea baimentzen duela Hezkuntza Kodeak.
2018ko uztailaren 4an azaldu ziren Hezkuntza Ministerioko ordezkariak hiru kolegiotan: Ziburuko Piarres Larzabalen, Kanboko Xalbadorren (Lapurdi) eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxarten (Nafarroa Beherea). Hurrengo egunean, Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak Bordelera joan ziren protesta egitera, eta errektoretzaren egoitzaren aurrean kateatu ziren, azterketen "bahiketa" salatzeko.
Kolegio amaierako proba da brebeta, eta hiru azterketa egiten dituzte: matematika, historia-geografia eta zientzia. Lehen biak euskaraz egin daitezke, hirugarrena ez. Nolanahi ere, halaxe egitea erabaki dute aurten ere ikastoletako ikasleek.