EAk gaur arratsaldean egin du ezohiko Nazio Batzarra, jarduneko idazkari nagusia aukeratzeko. Gasteizko Alkartetxean egin dute hitzordua, 19:00etan, eta jarduneko idazkari nagusia hautatu eta gero hasi ahal izango du primarioen prozesua. Biltzar horren ostean, hauteskunde batzorde bat eratuko dute EAn, eta bi hilabete izango dituzte primarioen prozesua abiatzeko, eta, ondoren, bozketa egin ahal izango dute.
Gezuraga (Lekeitio, Bizkaia, 1959) "herri erakundeei oso lotuta" dago, EAk ohar batean nabarmendu duenez. EAko Bizkaiko koordinatzaile eta Bizkaiko batzarkide izan da hiru legegintzalditan —2007an EAko ordezkari gisa eta ondoren Bilduko ordezkari bezala—.
Pello Urizarrek joan den astean jakinarazi zion EAko Kontseilu Nazionalari idazkari nagusi postua uzteko erabakia, eta utzi egin zuen legebiltzarkide kargua ere. 2009ko ekainaren 21ean hartu zuen kargua, VIII. Kongresuan, eta hamar urte eman ditu zeregin horretan.
Goiz da jakiteko primarioetan nor lehiatuko den eta nork ordezkatuko duen Urizar, baina azken orduetan aukera horren inguruan mintzatu da Maiorga Ramirez EAko Nafarroako burua eta parlamentaria: herenegun, Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, esan zuen “goiz” dela jakiteko idazkaritza nagusirako hautagaitza aurkeztuko duen, baina erantsi zuen “afiliatu guztiek” dakitela “prestasun osoa” duela “behar den lekuan” egon eta “EAren proiektu politikoa indartzeko eta EH Bildu indartsuago izan dadin saiatzeko”.
Edozein kasutan, Ramirezek azpimarratu zuen “aberasgarriagoa” litzatekeela, “ondorengoari buruzko eztabaida bainoago, gogoeta sakon bat” egitea eta EAk “bere buruari begiratzea eta indartzeko formula berriak aztertzea”.