BERDINTASUNA

Lehen aldiz, emakumezkoek ere dantzatuko dute Lesakako zubigainekoa

Hiru emakumezko ezpata dantzarik parte hartuko dute sanferminetako ekitaldi nagusian. Guztira, hamabost ezpata dantzarik parte hartuko dute.

Ion Orzaiz.
2019ko uztailaren 3a
07:16
Entzun

Naturaltasunez ekin diote. Datorren igandean, lehen aldiz, hiru emakumezko ezpata dantzarik helduko diote Lesakako sanferminetako tradizio ezagunenari, zubigainekoa dantzatuz. Hiru urte eman dituzte entseguetan parte hartzen, baina aurtengo festen egun handian ofizialduko dute berdintasunaren aldeko urratsa.

Zubi gainean dantzatzeko, ohiko prozedurari eutsi diote ezpata-dantzari gazteek: 18 urte ingururekin hasten dira entseguetara joaten, eta ezpata dantzari beterano batek erabakitzen duenean bere postua uztea, entseguetan denbora luzeena daraman dantzari gazteak betetzen du hutsune hori. Aurten, zehazki, bost ezpata dantzarik hartu dute erretiroa, eta horrek bide eman die beste horrenbeste dantzariri, jendaurrean estreinakoz dantzatzeko.

Ekainean hasi ziren elkartzen, taldea antolatzen eta aurtengo sanferminetako dantzaldia prestatzen, baina dantzari berriek hiru urte daramatzate jada, taldearen entseguetan parte hartzen. Orain heldu zaie aukera.

Guztira, hamabost ezpata dantzari dira Onin ibaiaren ertzetan aritzen direnak: Unai Gurrutxaga, Igor Gurrutxaga, Fernando Etxegarai, Martin Etxegarai, Mikel Arriola, Andoni Arriola, Xabier Arriola, Bittor Etxabide, Jon Erro, Alaitz Etxabide, Maddi Taberna, Mikel Maia, Xuban Larretxea, Fred Ramos eta Leire Pastor izanen dira aurtengoak.

Uztailaren 6an hasiko dira sanferminak, baina igandea izanen da egun handia. Dantzariek 08:00etan ekingo diote egun osoko lanari, goizean gurutzeak eginez ibiliko dira prozesioan eta plazan zeharkakoa eta erreka alboan zubigainekoa dantzatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, zantzo-monona, esku dantza, aurreskua, jota eta arin-arina dantzatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.