Migratzaileak

Rackete "leku seguru batera" eraman dute, mehatxuak direla eta

Italiako auzitegiek bertan behera utzi dute Sea Watch 3 ontziko kapitainaren aurkako atxilotze agindua, argudiatuta "bere egitekoa" egin zuela migratzaileak erreskatatu eta Lampedusan porturatu zutenean, baimenik jaso ez arren. Kapitaina kanporatzeko prozedura hasi dutela jakinarazi du Gobernuak.

Carola Rackete kapitaina, auzitegietara bidean, joan den astelehenean. PASQUALE CLAUDIO MONTANA LAMPO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 3a
07:31
Entzun

Italiako justiziak ez du deliturik antzeman Carola Rackete kapitainaren erabakietan. Mediterraneoan noraezean zeuden 53 migratzaile jaso eta haietako 11 kostazainen esku utzi ostean, Lampedusan porturatzeko zain egon ziren Sea Watch gobernuz kanpoko kideak bi astez. Tarte hori igarota, ordea, erantzuna ezezkoa zela ikusita eta migratzaileen egoera "larria" zela argudiatuta Lampedusan baimenik gabe porturatzea erabaki zuen Racketek. Italiako Barne ministro Matteo Salvinik hura atxilotzeko agindua eman zuen, baina atzo Alessandra Vella epaileak atzera bota zuen agindua, eta kapitaina aske uzteko agindu.

Segurtasun indarrei aurre egitea, gerraontzi baten aurkako indarkeria eta hura hondoratzen saiatu izana egozten zioten 31 urteko kapitainari —mugazainen ontzi bat jo zuen Sea Watch 3 itsasontziak—. Vellak, baina, iritzi dio "bere egitekoa" egin zuela Racketek, migratzaileak erreskatatu eta Lampedusara eramanda.

Vellaren erabakiarekin bat etorri da defentsa ere, zeinaren arabera epaiak frogatzen baitu "legez kanpoko erabakia" izan zela portuak itxi eta gobernuz kanpoko erakundearen ontzia porturatzeko baimena ukatzea.

Kapitainak garaipentzat jo du epailearen erabakia, eta "kolpea" erreskate lanetan ari direnak geldiarazten ahalegintzen diren agintarientzat. Hain zuzen ere, epaiarekin oso kritiko agertu da Barne ministroa, eta ohartarazi du Italiatik kanporatuko duela "kapitain gaizkilea". Neurriaren berri emana diote jada Agrigento eskualdeko prefetari, baina justiziaren onespenaren zain daude.

Dena den, aldeko epaiak ez du Racketeren egoera erraztu. Alemaniako gobernuz kanpoko erakundeko iturriek azaldu dutenez, haren aurkako "mehatxu orokorrak" jaso dituzte kapitainak ontzia Lampedusan porturatzea erabaki zuenetik, eta epaileak haren aurkako salaketak atzera bota ostean, "leku seguru batera" eraman dute. Ez dute zehaztu Italian jarraitzen duen, baian bai "oraingoz" ez duela beste espedizio batean parte hartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.