ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Gure Eskuk "eskubideen defentsa ezinbestekoa" egin du Urbian

Arantzazutik Urbiarako bidea (Gipuzkoa) egin dute 200 lagun inguruk, Kataluniako preso politikoekin elkartasunez eta oinarrizko eskubideen defentsan. Eguerdian, lazo hori itxurako mosaikoa osatu dute Urbiako zelaigunean.

Gure Eskuko kideak, gaur, Urbiako zelaietan. GURE ESKU
2019ko ekainaren 29a
08:23
Entzun

Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa amaituta, euren "ezinegona" adierazteko elkartu dira Gure Eskuko kideak, Arantzazutik Urbiara egindako bidean. "Oinarrizko eskubideen defentsa" egin dute bertan: "Giro onean eta baketsuan protesta eginez, eta haserrea elkarrekin bideratuz, indartsuago sentitzen gara, eta indar hau da aurrera egiteko bultzada ematen diguna".

 

Nabarmendu dutenez, Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketa hasi aurretik bazekiten ez zela epaiketa "justua" izango, epaiketa "politikoa" zelako: "Bagenituen arrazoiak hori pentsatzeko eta motibo horiek biderkatu egin ditu hilabeteotan Espainiako estatuak". 

 

Hori dela eta, azpimarratu dute urriaren 1eko erreferenduma zigortzea, demokraziaren aurka egitea dela. Manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, informazio eskubidea, adierazpen askatasuna edota desobedientzia zibila "kriminalizatzea" oinarrizko eskubideak "urratzea" dela: "Ez dezatela inor nahastu. Finean, herritarren borondatea erreferendum bidez adierazi izana, hau da, autodeterminazio eskubidea gauzatzea ari dira jazartzen, modu erabat bidegabe eta neurrigabean". 

 

"Absoluzioa" eskatu dute akusatu guztientzat, eta horrelakorik gertatu ezean, euren kezka plazaratu dute: "Ez bada hori gertatzen, zigor-epaia batek eragingo duen haserrea demokraziaren aldeko pultsu masibo eta geldiezina bilakatuko da, baita Euskal Herrian ere. Epaiketa honek eta beste hainbat eta hainbat auzi eta kasuk erakutsi digute gure oinarrizko eskubideak jokoan daudela. Botere faktikoak ezkutatzen saiatzen dira baina guk oso presente dugu Altsasuko gazteek 958 egun daramatzatela preso, tabernako liskar batengatik; irailean makrosumario bat abiatuko dela 47 emakume eta gizonen aurka oinarrizko eskubideen jazarpena oinarri duena; eta abar luzea". 

Horregatik, Euskal Herrian ere, eskubideen "defentsa ezinbestekoa" dela nabarmendu du Gure Eskuk.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.