EAE-ko aurrekontuak

Egibarrek 30 eta 50 milioi arteko kopurura mugatu du aurrekontu negoziazioa

EH Bilduk erantzun du negoziatzeko tartea hori baldin bada, ez dela akordiorik izango. Elkarrekin Podemosek "aurrekontu eraldatzaileak" eskatu ditu. PPk, berriz, duela bi urte adostutakoa betetzeko galdegin dio gobernuari.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko ekainaren 29a
17:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak izan dituzte hizpide alderdi politikoek, gaur goizean, Radio Euskadin egin dituzten adierazpenetan. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak negoziaziorako tartea 30 eta 50 milioiren artekoa izango dela aurreratu du. "30 edo 50 milioiko tartea egon daiteke politika jakin batzuk pizgarria izan dezaten, nabarmendu daitezen".

Egibarren esanetan, "borondatea baldin badago, elkar ulertzea eta akordioa egongo da. Gainontzekoa luzapenaren luzapena izango da".

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak harriduraz jaso du Egibarren zehaztapena, eta erantzun du negoziaziorako tartea hori izango bada, ez dela akordiorik izango. Casanovak gaineratu du Jaurlaritzak "EH Bilduren proposamenak txertatzeko formula errealak bilatzen hasi" beharko duela, koalizioarekin akordioa lortu nahi badu. EH Bilduren proposamenak "errealak eta errealistak" direla nabarmendu du, eta ez dituztela "aurrekontuak hautsiko".
EAJk eta PSE-EEk, Eusko Legebiltzarrean 37 ordezkari izanik, aurrekontuetarako akordiorik lortzen ez badute, egoera horren ardura bi alderdi horiena izango da, Casanovaren iritziz. "Errua zurea da negoziatzen ez jakiteagatik, ez besteena zuri ez bozkatzeagatik".

Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak berretsi egin ditu koalizioak aste honetan egin dituen adierazpenak. Elkarrekin Podemos "zenbakien zain" dago bere jarrera finkatzeko. Dena den, Jaurlaritzak orain arte aurkeztu dituen ildo orokorretan faltan somatu dute "lurralde arrakalarekin zereikusia duen guztia". Guancheren hitzetan, Elkarrekin Podemosek "aurrekontu eraldatzaileak" espero ditu, eta ez arazoei "adabakiak jartzeko" neurriak.

Oposizioko alderdiei "herritarrentzako proposamen politiko erabilgarria" izan daitezela eskatu die Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak. Beraien botoak "gauzak aldatu eta jendearen bizimodua hobetzeko" erabiltzera deitu ditu.

Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak, berriz, duela bi urte aurrekontu akordioan sinatutako betetzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Familientzako laguntzak proposatzen baditugu, bereziki kontziliaziorako, haurrak dituzten emakumeentzako, eta hamar milioi euro exekutatu gabe uzten badira, hurrengoan gauza bera ez gertatzeko PFEZaren erreforma proposatuko dugu eta haurrak dituzten emakume langileen kenkariak handituko ditugu, laguntza Gobernuaren menpe egon ez dadin", adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.