Inbestidura

Hirugarrenez hautatu dute Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi

EAJren eta PSEren botoak jaso ditu jeltzaleak, eta gehiengo osoa lortu du. Kalitatezko enplegua eta etorkizun ekonomiko lehiakorra sustatzea, eta gizarte babes sistema justua izango dira foru gobernuaren ardatz nagusiak.

Markel Olano —eskubian—, gaur, Donostian, Gipuzkoako ahaldun nagusi hautatua izan ondoren.
2019ko ekainaren 28a
09:35
Entzun

Hirugarrenez hautatu dute Markel Olano EAJko kidea Gipuzkoako diputatu nagusi, gaur arratsaldean, Donostian, Batzar Nagusietan egindako bozketan. Gehiengo osoz aukeratu dute, EAJren eta PSEren 29 botoekin —hogei batzarkide ditu EAJk, bederatzi PSEk—. Aurreko bi aldietan 2007-2011 eta 2015-2019 izan zen diputatu nagusi. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko kideak ere hautagaitza aurkeztu du, eta bere taldearen hamazpi boto jaso ditu. Elkarrekin Podemoseko lau batzarkideek eta PPko bakarrak boto zuria eman dute. 

Goizean, Olano hautagaiak esan du "oraingo ongizatea ez ezik elkarlanean gipuzkoar guztien etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak ere" eraiki nahi dituela. "Kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomia lehiakorra" sustatu nahi ditu Olanok (Beasain, Gipuzkoa, 1965), "zeregin nagusi" modura hartuta, eta aurreikusi du aldundiaren jardunaren bitartez 10.000 lanpostu sortzea datozen lau urteetan. Ekonomiaren lehiakortasuna bultzatzeko alorrean kokatu du, halaber, “politika fiskal justu, bidezko eta progresibo” baten aldeko apustua, baita bide azpiegitura eta garraioetan egin beharreko inbertsioak ere. “Errepide sarearen modernizazio adimentsua landuko dugu, eta garraio azpiegiturak indartuko ditugu”; hala, aintzakotzat hartu ditu Hondarribiko aireportua, Pasaiako portua, AHTa eta topoa.

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bidez garatutako proiektu estrategikoa garatzeko, urtero hogei milioi euro jarriko ditu EAJ-PSEren foru gobernuak. "Gizarte-babes sistema justua" indartzeko xedez, besteak beste adinekoen arretarako lau egoitza eta 500 plaza berri sortzeko konpromisoa ere hartu du.  "Gizarte kohesinatua" nahi du Olanok, eta esan du "gizon-emakumeen desberdintasun maila hobetzeko buru-belarri" ariko direla lanean.

“Politika egiteko forma berriak” ere indartu nahi ditu. "Argi daukagu zein da bidea: elkarlana sustatzea. Hori da arrakastaren gakoa. Hala egin dugu azken lau urteetan, eta bide beretik jarraituko dugu, badakigulako gipuzkoarren ezaugarri nagusietako bat dela komunitatean aritzeko gaitasuna".

Olanok "gogotsu" dagoela azaldu du. Uste du aurreko agintaldian bete zutela emandako hitza: "Duela lau urte anbizio handiko helburua ezarri genuen: lurralde sendoa izatea, ekonomikoki aurreratua eta sozialki kohesionatua. Ausartuko nintzateke esatera emandako hitza ondo bete dugula”.

Indarkeria politikoari buruz, gertatutakoa errepikatu ez dadin “egiazko kultura demokratikoan” sakontzera deia egin du, eta, horretarako, beharrezko “autokritika” eta “memoria” aldarrikatu ditu. Aldi berean, "Euskadik bizi duen gatazka politikoa gainditzearen” ere “irizpide demokratikoak” jarraitzearen alde egin du; Eusko Legebiltzarrean martxan dagoen lantaldea aipatu du, "erabakitzeko eskubidea erakundetzea helburu duena".

EH Bilduren "alternatiba sinesgarri eta indartsua"

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko kideak "bi arrazoirengatik" aurkeztu du Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaitza, bere hitzaldian esan duenez. "Batetik, botoa eman ziguten ia 117.000 gipuzkoarrekiko begirunez. Bestetik, orain arteko gobernu ereduaren eta politiken aurrean alternatiba sinesgarri eta indartsua dugulako". Haren ustez, EH Bilduk "gipuzkoarren gehiengoaren bizimodua hobetzeko gobernu programa" dauka. "Gipuzkoan, esaten denetik egiten denerako aldea handia da. Guk esandakoa egin eta egindakoa esaten dugu. Eta horretan sakontzea dugu jomuga datozen lau urteetan".

Atzo Bizkaiko ahaldun nagusia aukeratu zuten: Unai Rementeria EAJko kidea, bere alderdiaren eta PSEren botoekin. Arabakoa uztailaren 4an hautatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.