Enrique Maia Navarra Sumako alkateak ez du ikurrinik nahi sanferminetako txupinazoan, eta horretarako bidea emango dio onartu berri duen bandoak. Idatzian, festetarako argibideak jaso ditu Iruñeko Udalak. Besteak beste, trafikoa aldaketak, sexu erasoen kontrako estrategia eta hainbat ekitaldiren antolaketa; horien artean, entzierroa eta txupinazoa. Azken horri dagokionez, alkateak sinatu duen bandoak dio debekatuta egongo dela tamaina handiko banderak eta oihalak zabaltzea. Neurri horrekin, Maiak ikurrinak eragotzi ahalko lituzke txupinazoan, eta ezingo lirateke ohikoak diren aldarrikapen pankartak zabaldu.
Zehazki, debekuak dio ezin izango dela zabaldu "parte hartzaile ugari estaltzeko adinako tamaina handia duten bandera edo oihalik". Udalaren arabera, horiek zabaltzeak "ekidin beharreko masen mugimenduak" eragin ditzake. Horrez gain, debekatuta egongo dira "zuzeneko nahiz zeharkako kalteak" eragin ditzaketen bestelako elementuak ere. Aurreko urteetan bezala, ezin izango da Udaletxe plazara makilekin, botilekin edo edari latekin sartu.
EH Bilduk kritikatu egin ditu debekuak eta "adierazpen askatasunaren aurka" egitea eta elkarbizitza "arretzea" egotzi dio Maiari eta iragarri du adierazpen instituzional bat aurkeztuko duela "jai parte hartzaile batzuen alde". Gogorarazi du, bide batez, gogorarazi du azken lau urteetan "jai irekiak eta anitzak" ahalbidetu dituela udalak, eta ohartarazi "zentzugabekeria" lizatekeela "debeku eta zentsuraren bidez" lortutako elkarbizitza hori apurtzea.