Polizia

Udaltzainak ezin dira behin-behineko langile izan, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Auzitegiak baztertu egin ditu Santurtziko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bati jarritako helegiteak. Eusko Jaurlaritzak adierazi du 500 lanpostu sortuko direla 2020rako.

Bilboko bi udaltzain, Areatza inguruan. Artxiboko irudia. MITXI
2019ko ekainaren 26a
14:33
Entzun

Udalek ezin dituzte udaltzainak behin-behinean kontratatu. Gisa horretako kontratuak funtzio horretarako "legez kanpokoak" direla ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaia irmoa da, eta doktrina ezarriko du. Erabakiak eragin zuzena izango du Hegoaldeko udaletan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, 600 udaltzain baino gehiago daude behin-behineko kontratupean. Gainera, uda sasoian handitu egiten da udaltzainen behin-behineko kontratazioa. Ikusteko dago auziak zer ondorio ekarriko dituen. Eusko Legebiltzarrak bihar onartuko du EAErako Polizia Legea, eta aztertzeko dago lege berriak zer eragin izango duen ere.

Auziak Santurtziko udaltzain batek jarritako salaketan du jatorria. Helegitea jarri zion udalak lau udaltzain behin-behinean kontratatzeko erabakiari. Auzitara jo zuen, era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak sortu zuen behin-behineko polizien lan poltsaren aurka. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion.

Santurtziko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zuten Gorenean, Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka, baina Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nagusiaren erabakia. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 175/2011 epaia oinarri hartuta, argudiatu du udaltzaigoak "segurtasun indar izaera" duela, autoritatea ezartzeko beharra duela bere funtzio publikoen artean eta arrazoi horiengatik eginkizun hori funtzionarioei bakarrik dagokiela.

Gorenaren iritziz, 2013ko Tokiko Erregimenaren Oinarriak Erregulatzeko Legeak are argiago uzten du udaltzainek nahitaez izan behar dutela funtzionario.

"Eragin mugatua"

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Gorenaren epaiak "eragin mugatua izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Josu Erkoreka gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak aurreikusten zuen Gorenak gisa horretako erabaki bat har zezakeela, eta neurriak hartu ditu erabakiak "ustekabean" ez harrapatzeko.

Erkorekaren esanetan, aztertu beharko da epaiak zenbaterainoko eragin juridikoa duen, "zein neurritan eragiten dien dagoeneko behin-behinean lanean ari diren udaltzainei" eta "epaia nola gelditzen den" Eusko Jaurlaritzak bihar Polizia Legea onartu eta gero. Gogorarazi duenez, lege horrek ez du behin-behineko udaltzainaren figura jasotzen, baina "antzeko" figura bat aurreikusten du: "polizia laguntzailea".

Horrez gain, Erkorekak adierazi du 500 udaltzain postu baino gehiago eskainiko direla urte amaiera baino lehen. Hurrengo hamabost egunetan, 236 postu eskainiko dira enplegua egonkortzeko, eta urrian beste 276 eskainiko direla jakinarazi du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.