Erreformak

EAJk eta PSE-EEk DSBEaren erreforma proposatu dute berriro

Duela urtebete atzera egin beharra izan zuten babes faltagatik. PPk jakinarazi du proposamenaren tramitazioa ahalbidetuko duela eta zuzenketak aurkeztuko dituela.

Eskubiden Sozialen Gutunak otsailean EAJ, PSE eta PPren egoitzen aurrean egin zituen bilkuretako bat, pobrezia eta bazterketa salatuz. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 24a
07:18
Entzun

Urtebete egin du kaxoi batean sartuta EAJren eta PSE-EEren proposamenak. Iazko ekainaren 28an, ikusita oposizioko talde bakar baten babesa ez zuela jasoko eta bozketa galtzera zihoala, diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko proposamena bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzari eusten dion bikoak.

Urte hasieran, legegaia berriro negoziatzeko asmoa adierazi zuen Gasteizko gobernuak, eta ostegun honetan itzuliko da gaia Eusko Legebiltzarrera. Uste denez, tramitera onartuko du parlamentuak, PPk jada iragarri duelako "erraztu" egingo duela eztabaida. Jeltzaleen eta sozialisten proposamenaren zenbait punturen aurka dagoela zehaztu dute popularrek, eta zuzenketen bidez saiatuko dela testua aldatzen.

Elkarrekin Podemosek tramitatzearen aurkako botoa emango diola aurreratu dio Efe agentziari. Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, ez du oraingoz jarrerarik adierazi, eta ostegunera arte ez duela egingo dio Efek.

2018ko apirilean aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk DSBEa aldatzeko proposamena. Besteak beste, familia edo bizikidetza unitate bakoitzeko laguntza bakarra ematea aurreikusten zuen proposamenak.

Proposamenaren edukiak

DSBEaren erreforma sistema eguneratzeko beharrarekin justifikatu dute EAJk eta PSE-EEk. Eusko Jaurlaritzak, proposamena babesteko irizpidean, adierazi du azken hamar urteetan laguntzaren kudeaketan sortu diren "disfuntzioak" zuzentzeko unea dela, eta oraingo egoera sozioekonomikora "egokitu" behar dela. Hauek dira aurreikusten diren aldaketa nagusiak:

Onuradunak: Gaur egungo baldintza nagusiei eusten zaie. Hala, errenta kobratzen hasteko gutxieneko adina 23 urte dira, eta onuradunak EAEko udalerri batean gutxienez hiru urte erroldatuta izan beharko ditu. Kasu batzuetan errolda epea bi urtera murriztuko da.

Ordaina: Errentaren ordaina gutxieneko soldataren arabera kalkulatzeari utzi nahi zaio. Horren ordez, gutxieneko gastuen adierazle bat sortuko da (455 euro), eta horri osagarri ekonomiko batzuk gehituko zaizkio, elkarbizitza unitateak duen izaeraren arabera. Pertsona batek, gehienez ere, 659 euro kobratuko ditu. Gaur egun baino %2,3 gehiago litzateke, baina legeak gaur egun aurreikusita duen kopurua — gutxieneko soldataren %88— baino %23 txikiagoa da. Legeak agindutakoa ez da bete 2012. urtetik.

Unitateak: Haurrak dituzten elkarbizitza unitateak saritu nahi ditu moldaketak, gaur egun pobrezia arrisku handiena dutela iritzita. Aldiz, etxea partekatzen duten bikoteak zigortuko ditu, bereziki. Oro har, etxebizitza bakoitzean unitate bakarra egotea aurreikusten du legeak. Modu iragankorrean, bi errenta kobratzeko aukera eskaintzen du, baina bigarrenak laguntza ekonomiko askoz txikiagoa izango luke.

Inplikazioa: Onuradunen inplikazio aktiboa neurtzeko tresna berri bat indarrean jarriko litzateke. Puntukako gidabaimen bat bezala funtzionatuko luke. Administrazioak ondorioztatuko balu laguntza jasotzeko baldintzaren bat urratu dela, puntu batzuk kendu, eta laguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko litzateke. Gaur egun, ordaina etetea aurreikusten du legeak, baina ezin da modu mailakatuan egin.

Pentsiodunak: Legeak errenta bi ataletan banatuko du formalki: DSBE arrunta eta pentsiodunena. Praktikan, ez dago alde handirik egungo sistemarekin. Ordaina, orain arte bezala, apur bat handiagoa izango da pentsiodunentzat: 52 euro gehiago pentsiodun batentzat, eta 62 euro gehiago beste pertsona batekin bizi bada. Etorkizunean kobrantza errenta zergan hobari negatibo bat ezarrita egiteari atea ireki nahi zaio. Ondare baldintzak ere leundu dira, premian daudenei laguntza ez ukatzeko.

Kontrola: Lege proposamenak xedapen bat jasotzen du Lanbide enplegu zerbitzuan hatz marka bidezko identifikazioa indarrean jarri ahal izateko. Hatz marka aipatu gabe, testuak dio sistema biometrikoak erabiliko direla zerbitzuko «erabiltzaileak edota laguntzen onuradunak» identifikatzeko, datuen babeserako arauen zehaztapenak «aintzat hartuta».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.