Errefuxiatuak

"Giza eskubideak erreskatatzeko garaia" dela ohartarazi dute Donostian

Gobernuz kanpoko 23 erakundek deituta errefuxiatuen aldeko ekimena egin dute Donostiako Kontxa hondartzan. Antolatzaileek salatu dute Espaniarako bidean 159 iheslari hil direla urtea hasi zenetik. 

jarraia168051.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 23a
11:30
Entzun

Datorren astean helduko da Pasaiara Aita Mari itsasontzia, hainbat astez Grezian errefuxiatuei osasun arreta eskaintzen aritu ostean. Ez zen hori bidaiako antolatzaileen lehen helburua, itsasoan noraezean zeuden iheslariei laguntzea baizik, baina Espainiak ukatu egin zion horretarako baimena. 

Gaur ehunka izan dira gobernuz kanpoko 23 erakundek bultzatutako Ongi etorri errefuxiatuak ekimenean parte hartu dutenak. Antolatzaileek ohartarazi dute iheslariek Europara sartzeko hartzen dituzten bideen artean Espainiarakoa dela arriskutsuenetariko bat. Gogorarazi dute urtea hasi zenetik 159 pertsona hil direla itsasoan, eta iaz 811 izan zirela hildakoak. 

"Giza eskubideak erreskatatzeko garaia da", aldarrikatu dute gobernuz kanpoko erakundeek, tartean, Amnesty Internationalek, Zaporeak proiektuak eta SOS Arrazakeriak, eta Aita Mari eta Open Arms ontziei lanerako baimena emateko eskatu diete instituzioei. "Ezer ez egitea Mediterraneoan jende gehiago hiltzen uztea litzateke".

Gobernuz kanpoko erakundeek ez ezik, giza eskubideen aldeko abokatu talde batek ere salatu ditu Europako Batasunaren migrazio politikak. Ekainaren hasieran jarri zuten salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian EBko buruzagiei "gizateriaren aurkako krimenak" egitea leporatuz. 

Salaketan abokatuek onartzen dute EBk eta haren ordezkariek ez dutela zuzenean deliturik egin. Aldiz, nabarmentzen dute ezagutzen dituztea Libiako "atxilotze eta tortura zentroetan" gertatzen diren eskubide urraketak, eta jakinaren gainean egon arren, EBk migratzaileak zentro horietara bideratzeko politikak antolatu eta ezarri dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.