Politika

Nafarroan eta Espainian Navarra Sumaren babesa bilatzeko eskatu dio Casadok Sanchezi, Esparzarekin bildu ostean

Nafarroako "gobernabidea" EH Bilduren esku ez uztera deitu du PPko presidenteak. Esparzak uste du PSNk "akordio bat" duela abertzaleekin. Hualdek espero du datorren astean ekitea inbestidurari begirako bilera sortari.

Pablo Casado PPko presidentea eta Javier Esparza Navarra Sumako presidentegaia, gaur, Nafarroako Parlamentuan. VILLAR LOPEZ, EFE
2019ko ekainaren 21a
10:48
Entzun

Nafarroan gertatzen denak estatuan ondorio politiko garrantzitsuak izango dituela adierazia du Espainiako eskuinak, eta kezka hori agertu Casadok Iruñera egin duen bidaian. Javier Esparza Navarra Sumako presidentegaiarekin bildu da, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Bilera amaitu ostean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari mintzatu zaio, eta esan oraindik "garaiz" dabilela; garaiz, Nafarroako gobernabidea "ETAren ondorengoen esku" ez uzteko. Aukera horren ordez, Nafarroako eta Espainiako presidenteen inbestidurak Navarra Sumarekin adosteko eskatu dio.

Casadok eta Esparzak jakinarazi dute biek Ciudadanoseko buru Albert Riverarekin hitz egin zutela atzo, Nafarroari buruz. Koalizioa osatzen duten hiru alderdietako presidenteak ados daude PSOEri eskaintza egitearekin. "Hemen alderdi foralista bat du, konstituzionalista, Nafarroan garapena eta batasun nazionala defendatzen dituena", adierazi du Casadok. Nabarmendu duenez, Navarra Sumarekin hitz eginda Nafarroan eta Espainian presidentetza eskuratzeko aukera izango luke, alderdi independentisten babesa bilatu gabe.

Casadoren esanetan, ez da bidezko "gobernu autonomiko bat erostearren Nafarroa saltzea", herrialdea EAEra "anexionatu" nahi dutenei. PPko burua prest agertu da asteazkenean Nafarroako Parlamentuan izan ziren akordioen gainetik PSOErekin elkarlana bultzatzeko. Parlamentua eratzeko saioan, Geroa Baiko Unai Hualde izendatu zuten parlamentuko presidente, PSNren babesarekin. Horrez gain, EH Bilduk ordezkari bat lortu zuen mahaian —PSNren aldeko botorik gabe—. Bide hori alboratzeko, eta Iruñeko Udalean eginiko aukeraren ildoari eusteko galdegin dio Casadok PSOEri.

Javier Esparza UPNko buruaren esanetan, asteazkenean izan ziren izendapenek adierazten dute "akordio bat" dutela PSNek eta abertzaleek, eta balizko akordio hori Nafarroako Gobernura heda daitekeela uste du.

Bilera sorta, datorren astean

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak espero du datorren astean hastea bilera sorta talde parlamentarioekin, Nafarroako presidentetzarako hautagaitza bideragarririk baden ala ez aztertzeko. Talde guztiekin bildu ondoren, uztailaren 1erako argitu nahi du inbestidurarako hautagairik baden ala ez. Aukera bideragarririk ez balego, bileretarako epea luzatuko luke. Bilera sorta asteazkenean, ostegunean eta ostiralean egitea aurreikusten du.

Bilkuren aurretik, asteartean, lehenengo bilera egingo dute Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak. Ordurako, espero du amaituta izatea parlamentuko zerbitzu juridikoen txostena, mahaiko kide kopurua handitzeko aukerari buruzkoa. Hualdek adierazi du Nafarroako Parlamentukoa mahai "murritzenetakoa" dela, estatuko parlamentu autonomikoen artean, nahiz eta Nafarroa "aukera politiko askoko" herrialdea den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.