Aske gelditu da Donostiako hilketaren harira atxilotu duten gizona

Donostiako Udaltzaingoak adierazi duenez, epaileak agindu du gizonezkoa aske uzteko. Datozen orduetan, epaileak auto judizial bat igorriko du, Udaltzaingoaren esanetan.

Herenegun protesta egin zuten udaletxe atarian, hilketa salatzeko. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2019ko ekainaren 20a
07:16
Entzun

Aske utzi dute joan den igandean Donostian izan zen hilketaren harira atxilotuta zegoen gizona. Donostiako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ikerketa egin ondoren, autoritate judizialaren esku utzi du gertakarien gaineko informazioa, eta hark atxilotua aske uzteko agindu du. Udaltzaingoak adierazi duenez, epaileak auto judiziala igorriko du datozen orduetan.

Atxilotua atzo goizean atzeman zuen Ertzaintzak, joan den igandeko hilketarekin lotura izan dezakeelakoan. Igandean, Errenteriako (Gipuzkoa) gizon bati eraso egin zioten, kalean zihoala, Donostiako Gros auzoan: lekukoek azaldu dutenez, hildako gizonaren atzetik jarraika ibili zen erasotzailea; zebra bidean zihoala atzetik bultzatu zion, eta lurrera erori zen gizona. Zauri larriak zituen buruan, eta ikertzen ari dira erasotzaileak zerbaitekin jo ote zuen edo lurraren aurka hartutako kolpeak eragin zizkion. Donostiako ospitalean garuneko heriotzan egon zen egun bat gizona, eta astelehenean hil zen. 61 urte zeuzkan.

Herenegun, hilketa salatzeko elkarretaratzean, hildakoaren alabak jakinarazi zuen Poliziak bazituela erasoaren irudiak, segurtasun kamera batek grabatuta, eta, beraz, bazekitela erasotzailea nor izan zen. Hain justu, Ertzaintzak atzo goizean atxilotu zuen gizon hori, Donostian bertan. Udaltzaingoaren esku utzi zuten, haiek ari baitira hilketari buruzko ikerketa egiten.

Donostian kalean azken urtean izandako hirugarren hilketa da igandekoa. Iazko Aste Nagusian, eraso egin zioten Urnietako (Gipuzkoa) gizon bati, eta bi hilabetera hil zen; 28 urte zeuzkan. Apirilaren 26an, berriz, 17 urteko Donostiako mutil bat jipoitu zuten udaletxe alboan, eta hil egin zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.