Rufino Iraola Garmendia hil da. Zaldibian (Gipuzkoa) 1945ean jaioa, hamarkada asko egin zituen bertsolaritzari lotua, bertsoak idazten zein bertsoei buruzko iruzkinak egiten. Bertso jarriekin irabazi zituen sarien zerrendan daude: Lazkao Txiki —bost aldiz—, Orixe —lau aldiz—, Xalbador, Zapirain Anaiak eta Lekuona. Artikuluak eta iruzkinak, berriz, El Diario Vasco egunkarian eta Bertsolari aldizkarian argitaratu zituen batez ere, baina baita Euskaldunon Egunkaria, Hemen, Goierritarra, Txintxarri, HABE eta bestetan.
Epaimahaikide lanetan ere aritu zen hainbat bertso txapelketatan. 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketetan, esaterako.
1994an hasi zuen ibilbide literarioa, Dena dago zatitxo baten baitan liburuarekin Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenean. Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak (Sendoa, 1999) bertsolaritza liburua eman zuen segidan. Hurrengo urtea, 2000koa, oparoa izan zuen: Zaldiarangoak narrazio sorta, Biziaren bisutsak artikulu bilduma eta Abaraskak aforismo liburua eman zituen Hiria argitaletxearekin. Baita Franz Kafkaren Metamorfosia itzulpena ere.
Gero etorri ziren narrazioko Antonio Maria Labaien saria irabazi zuen Hire magalean (Alberdania, 2001), bertsolaritzako Ñañarriri begira (Sendoa, 2003) eta Bihotzaren zelaietan (2008) artikulu bilduma.