Udal bozen ondorena

EH Bilduk salatu du "hegoak moztu" dizkiotela Andoainen, "beste eredu bat" badela frogatu duelako

Koalizioak agerraldi jendetsua egin du Andoaingo udaletxearen parean, eta Andoni Alvarez alkategaiak udalaren osaketarako negoziazioei buruzko azalpenak eman dizkie bertan bildutakoei.

Andoaingo EH Bilduren agerraldia, gaur, Andoaingo udaletxearen parean. MAIDER GALARDI F. AGIRRE, @MAIDERGALARDI
2019ko ekainaren 14a
07:22
Entzun

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ostean alderdi bakoitzak zein jarrera izan duen argitu nahi izan du Alvarezek Andoaingo (Gipuzkoa) herritarren aurrean. EH Bilduk lortu zituen boto gehien, Andoainen alkategai batek inoiz izan duen boto kopururik handiena jaso zuen, baina gehiengo osoa eskuratu ez zuenez, bilera sorta hasi zuen gainontzeko indarrekin, babes bila. "PSEek argi esan zigun hauteskundeak erraz irabazi genituela, baina, zenbakiek ematen zutenez, alternatiba osatzen saiatuko zirela. Elkarrekin Podemosek garaipen argia lortu genuela esan zigun eta Andoain gidatzea guri zegokigula. EAJ hasieratik ihesean ibili da",  adierazi du Alvarezek.

Haren esanetan, EH Bilduren eta EAJren arteko bilera atzeratzen ibili dira jeltzaleak, eta koalizioak egin dien proposamena "ona" zela aitortu arren, PSErekin negoziatzen ari zirela jakinarazi zieten. Alvarezek azaldu duenez, EH Bildurena "proposamen irekia" zen, "elkarlanerako eta herriaren beharrei erantzuteko" akordioa. EAJk baztertu egin du, ordea.

Gobernu akordioa adostu dutela jakinarazi dute gaur EAJk eta PSE-EEk. Akordio horri esker, Maider Lainez PSE-EEko hautagaia izendatuko dute alkate bihar, eta EAJko Mari Jose Izagirre izango da alkateordea.

EH Bilduk salatu du "hegoak moztu" nahi izan dizkiotela koalizioari, "herri bat gidatzeko beste eredu bat badagoela argi utzi" duelako; "ekonomikoki duela zortzi urte baino askoz ere hobeago dagoen Andoain bat uzten dugulako". Udal hauteskunde emaitzekin, herritarrek udala gobernatzeko ardura EH Bilduri eman diotela ziurtatu du koalizioak. "Aniztasunean" oinarrituta, "ezberdinekin akordioak" bilatzeko asmoa agertu du EH Bilduk. "Hori eskatu ziguten herritarrek eta argi genuen hori egingo genuela". Salatu du PSE-EEk eta EAJk aukera hori zapuztu dutela.

"Aurrera begira jartzeko unea" dela nabarmendu du, baina, Alvarezek. Ziurtatu du EH Bildu dela EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioaren alternatiba. Alkategaiak eskertu egin ditu EH Bilduk azken egunetan jaso dituen elkartasun mezu eta ekintzak. "Jakin ezazue hurrengo lau urteetan poztasun eta harrotasun berarekin jarraituko dugula lanean Andoain hobeago bat egiteko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.