Indarkeria matxista

Majarenasen erasotzailea espetxeratzeko eskatu du Fiskaltzak

Akusazio partikularrak bat egin du Fiskaltzarekin eta 30 urteko espetxe zigorra eskatu du. Ohartarazi dute, hura aske den bitartean Majarenasek eta haren alabak "biktima" izaten jarraitzen dutela.

Sara Majarenas eta haren labaren aldeko ekitaldi bat, iaz, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 11
07:24
Entzun

Valentziako Lurralde Auzitegiaren esku dago Sara Majarenas eta haren alabaren aurkako erasoaren auzia. Gaur egin dute auzi saioa, eta bertan 30 urteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak erasotzailearentzat. Horrez gain, zigor eskaera handian eta akusatuak ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta —ez du lanik, ez etxe finkorik—, hura espetxeratzeko ere eskatu dute bai fiskalak eta baita akusazio partikularrak ere.

Majarenasen abokatua bat etorri da zigor eskaerarekin, besteak beste, erasoa familiako adingabe baten aurkakoa izan zelako eta, aldi berean, baita Majarenasen aurkakoa ere. Hala ere, zehaztu du onura penitentziarioen aldekoak direla, horiek formazio saioekin lotura badute. Dena den, zigorra beteta ere, segurtasun neurriak beharrezkoak liratekeela nabarmendu du, besteak beste, Euskal Herrian sartzeko debekua eta kontrol telematikoa. 

Otsailaren 15ean geratu zen aske Majarenasen erasotzailea. Erabakia jakitera eman zutenean Picassenteko epaileak (Valentzia, Herrialde Katalanak) argudiatu zuen auzitegi medikuen txosten baten zain zeudela eta ikerketa "gehiegi" luzatua zela dagoeneko. Autoan dio, era berean, behin-behineko espetxealdia "salbuespen neurria" dela, eta soilik ezarri beharko litzatekeela "objektiboki beharrezkoa" denean.

Egun behin-behinean aske dago erasotzailea, eta urruntze aginduaz gain pultsera telematiko bat ere badarama. Baina atzo bertan Majarenasen senideek jakinarazi zuten erasotzailearen pultsera telematikoak huts egin duela hirutan. Lehen bi aldietan, ordu erdiz egon da gailua kokapenik gabe, eta azken aldian, hiru orduz. Egoera hori haintzat hartuta, akusazio partikularrak eskatu du espetxeratu dezatela erasotzailea, sententzia eman artean —epaileak ez du erabakia hartzeko epe jakinik—.

Aldiz, behin-behineko askatasunaren alde egin du defentsak, beti ere egun indarrean dauen kontrol neurrieu eutsiz, alegia, eksumuturreko telematikoa eta urruntze agindua. 

2017ko urtarrilean, ama preso zegoen bitartean, bi urteko alaba berekin zuen asteburu bat baliatuta, haurra hiltzen saiatu zen Majarenasen bikotekide ohia. Gizonak berak eman zuen erasoaren berri Poliziara deituta, haurra hilda zegoelakoan. Haurra gela batean topatu zuten, zaurituta. Anbulantzian sartu, eta Alzirako ospitalera eraman zuten. Larrialdiko ebakuntza bat egin zioten han. Valentzia hiriburura eraman zuten gero, La Fe ospitaleko zainketa intentsiboetako unitate pediatrikora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.