Indarkeria matxista

Sara Majarenasek bizi duen salbuespenezko egoera salatu dute

Bere alaba hiltzen saiatzeaz akusatutako gizonezkoaren pultsera telematikoa itzali egin da hirutan. Biktima izan arren, "erruduna" Sara Majarenasek dirudiela ohartarazi du Kontxi Ibarreta, Majarenasen amak. Bihar dute ahozko saioa.

Amaia Zurutuza Sara Majarenasen laguna eta Kontxi Ibarreta, ama, gaurko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Maider Galardi
2019ko ekainaren 10a
07:16
Entzun

Joan den otsailaren 15ean Sara Majarenasen eta haren alabaren erasotzailea aske gelditu zenetik Majarenasek bizi duen "salbuespenezko" egoeraren berri eman dute Kontxi Ibarreta Majarenasen amak eta Amaia Zurutuza Majarenasen lagunak, Donostiako Emakumeen Etxean egindako prentsaurrekoan. Epaitegietan duten ahozko saioaren atarian jakinarazi dute Majarenasen egoera, eta epaitegietan "uste ona izatea zaila" izan arren, espero dute Majarenasek eta haren alabak "behingoagatik zauriak osatu ahal" izatea.

Azken saioan, epaileak erabaki zuen Majarenasen erasotzailea aske uztea, epaiketako prozesua "luzatzen" ari zelako, eta behin-behineko espetxealdia "oso salbuespenezko neurria" delako. "Aitortu zuen alaba hiltzen saiatu zela", nabarmendu du Ibarretak: "Nola bizi du Sarak egoera hori? Heriotza mehatxua dauka". Azaldu dutenez, erasotzaileak pultsera telematikoa dauka jarrita, eta Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko debekua du. Edonola ere, Espainiako gainontzeko autonomia erkidegoetan ibili daiteke erasotzailea, eta bi kilometroko urruntze agindua du.

Hori betetzen dela jakiteko, ordea, Majarenasek gailu telematiko bat du, 24 orduz konektatuta: "Une oro dago zelatatua, ezin du Frantziako muga pasatu abisatu gabe, zortzi ordutik behin bateria jarri behar zaio gailuari, eta, beraz, ezin ditu unean uneko planak egin", azaldu du Ibarretak. "Ez da zigor proportzionatua. Inork badaki zer estres dakarren horrek?".

Bestalde, jakinarazi dute erasotzailearen pultsera telematikoak huts egin duela hirutan. Halakoetan, Ertzaintzak Majarenasi abisatzen dio, eta eskatzen dio inguruko senideren bati edo lagunen bati eskatzeko etxera inguratzeko —gauez izan da hiru aldietan, eta etxean ziren Majarenas eta alaba—. Lehen bi aldietan, ordu erdiz egon da gailua kokapenik gabe, eta azken aldian, hiru orduz. "Lau ordutan hemen izan daiteke erasotzailea. Nork egin dezake lo gau horretan? Non dago justizia une horietan?", salatu du Ibarretak.

Justiziarekin kexu

Hain zuzen ere, Ibarretak eta Zurutuzak salatu dute aske den erasotzailearen beldur ez ezik justiziaren beldur ere badirela: "Beldurra bikoitza da; libre den hiltzailearena eta Espainiako justiziarena". Bi urteren ostean, oraindik ez da epaiketa egin, baina bihar dute beste ahozko saio bat. Espero dute "zauriak osatu ahal" izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.