Jesus Mari Olano Fondoa

Ondare bat ahotsez betea

1964tik 1972ra, euskal kulturako hainbat ekitaldi grabatu zituen Jesus Mari Olano zenak magnetofono batekin, eta Joxan Goikoetxea musikariari eman zion ondare hori guztia. Gordailu digital bat osatzen ari da Goikoetxea, eta 'Jesus Mari Olano Fondoa' deitu dio. Laguntza eskatu die erakunde publikoei.

Juanito eta Jesus Mari Olano, osaba-ilobak. JESUS MARI OLANO FONDOA.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 11
07:13
Entzun

Aitorren hizkuntza zaharrean joera berritzaileak entzun ziren 1966ko urtarrilaren 9an Hernaniko Aitor antzokian (Gipuzkoa). Izena oraindik izan gabe, Ez Dok Amairu taldeak sorrerako jaialdia egin zuen egun hartan: Julen Lekuona, Mikel Laboa, Kemen taldea, Benito Lertxundi Elvis Presleyren eta Cliff Richarden bertsio euskaratuak abesten... Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi ziren jaialdiko aurkezleak. Hala esan zien entzuleei Saizarbitoriak: "Gazteok, izan zaitezte ye-ye edo nahi duzuena, baina lehenen eta beti euskaldunak". Ye-ye talde bat ere bazen jaialdian: Biurriak. Arantxa, Ixiar eta Juan Mari Gurmendi, Iñaki Araizekin eta Juanin Iturralderekin batera kantuan, ye-ye eta euskaraz.


Biurriak ye-ye taldea. 1966ko urtarrilaren 9an, Hernaniko Aitor antzokian / Gurmendi Sendia.

Jarrai antzerki taldeak antolatu zuen jaialdi hura —Zeruko Argia-ren arabera, "oso gogozkoa izan tzan jendearentzat"—, eta magnetofono batekin grabatu zuen Jesus Mari Olano zenak —iazko maiatzean hil zen—. 1964tik 1972ra Hernani inguruan eginiko kultur ekitaldiak grabatu zituen, historikoak asko. Joxan Goikoetxea musikari eta Izura kultur elkarteko lehendakariari eman zion ondare hori: zintekin batera, argazkiak, agiriak, antzerki gidoiak eta eskuko programak. Goikoetxeak denbora luzea darama ondare hori digitalizatzen eta sailkatzen. Jesus Mari Olano Fondoa deitu dio gordailuari. "Baina ez gordetzeko, munduari zabaltzeko baizik".

1960ko euskal kulturan Hernanik izan zuen garrantzia nabarmendu du Goikoetxeak. Eugenio Arozenak honela idatzi zuen Gabriel Aresti Euskal antzertian. Biola eta mailuarekin liburuan: "1950eko eta 1960ko hamarkadan Tolosatik Hondarribira, Zarautzetik Oiartzunera, eta Leitzatik Donostiara sortu zen kultur gurpilaren ardatz izan zen Hernani". Ez Dok Amairuren lehen urrats gisa aipatzen du Arozenak 1966ko jaialdi hura.


Ez Dok Amairu. Taldearen sorrera jaialdiko esku programa / Jesus Mari Olano Fondoa.

"Euskal kultur mugimendu guzti horien kudeatzailea Juanito Olano izan zen. Haren akolitoa Jesus Mari Olano iloba izan zen", idatzi zuen Arozenak. "Adiskidetasun estua zuten Gabriel Arestirekin". Goikoetxearen arabera, Juanito Olano "herrigintzako bultzatzaile handi bat" izan zen.

Arestiren hitzaldi historiko bat iritsi zaio Goikoetxeari Olanoren harribitxien artean. Euskal literaturako izen poetikoak izenburupean, 1967ko uztailaren 29an eman zuen Bilboko idazleak hitzaldia, Hernaniko udal areto nagusian. Zenbait entzuleren eta hizlariaren artean iritzi truke sutsuak izan ziren. Saizarbitoria ere han zen, eta giroa lasaitzen ahalegindu zen. Arestiren Tobera antzezlana Hernaniko Goialde antzerki taldea prestatzen ari zen sasoi hartan, baina azkenean ez zuen oholtzaratu, eta taldea desegin zen. Hitzaldi haren irakurketa dramatizatua egin du Mikel Martinez antzergileak hainbatetan, eta hitzaldi hartatik edan zuen Maskarada taldearen Kaio luma zikina antzezlanaren gidoiak (Patxo Telleriak idatzi zuen, eta aktoreak Telleria eta Martinez izan ziren). Orduko hartan Arestik gaztelaniaz abestu zituen bertso batzuetan oinarrituz, Xabier Letek Euskalerri nerea abestia kantatu zuen.

Arestiren Mailu batekin: Biola batekin olerki liburuaren original bat ere jaso zuen Goikoetxeak Olanoren eskuetatik —1962an idatzia da, Harri eta Herri argitaratu aurrekoa, eta berriki plazaratu du Bilboko Udalak—.

Goikoetxea laguntza eske

Arestiren bisitaren hurrengo egunean, 1967ko uztailaren 30ean, bertsoak izan ziren protagonista Hernanin. Jose Mari Satrustegi euskaltzainak hitzaldi bat egin zuen, eta gero Xalbador omendu zuten. Kantuan aritu ziren Xalbador bera, Mattin eta Xanpun. Goikoetxeak nabarmendu duenez, egunaren hasieran "gozo" kantatu zuen Xalbadorrek, baina, egunaren bukaeran, "zorrotz" abestu zuen 40 egun lehenago Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Donostian txistu egin ziotenen inguruan. Egun osoko bertsoak daude jasoak Jesus Mari Olano Fondoan —tartean dira Tturko bertsolariarenak ere—.

Kultur gurpil haren erakusgarri, Arestiren hitzaldia eta Xalbadorren omenaldia izan ziren hilabete berean, Joxan Artzek txalapartari buruzko hitzaldia egin eta txalaparta jo zuen Jesus Mari anaiarekin batera, txalaparta galtzeko arriskuan zen garaian. "Letek aurkeztu zuen, eta jendearen lilura sekulakoa izan zen", esan du Goikoetxeak. Egun haietan bertan, antzerkiari buruzko hitzaldi bat egin zuen Iñaki Beobidek; ezkorra zen: pastoralak galdu egingo zirela esan zuen.

Goikoetxeak 150 ordu inguruko soinu erregistroa digitalizatu du. Gogoratu duenez, Xabier Leterengatik sortu zen Olanoren eta haren arteko harremana. "1960ko hamarkadan, Olano Hernaniko Goialde antzerki taldean zebilen, eta Lete, berriz, Donostiako Jarrai taldean. Bi taldeek harreman estua zuten, eta Jarrai taldeak Hernaniko Aitor antzokian egiten zituen antzezpen asko". Gerora, Goikoetxea musikari gisa aritu zen Leterekin, eta, olerkaria gaixo zegoen garaian, Olano galdezka aritzen zitzaion Goikoetxeari. "Sinbiosi bat gertatu zen Olanoren eta nire artean. Lehenbizi, poltsa zahar bat ekarri zidan hogei zintarekin. Hitza eman nion material horrekin zerbait egingo nuela. Altxor bat deskubritzea izan da, piratek uharte batean altxor bat deskubritzen duten bezala. Baina kofrea arakatzea egokitu zait".


Jesus Mari Olanoren zintak. Euskal kulturako ekitaldi ugari grabatu zituen Olanok; gehienak, Hernanin. Andoni Canellada / Foku.

Goikoetxearen xedea da Olanoren ondarea webgune batean biltzea. "1999an, saiakera bat egin nuen Hernanin Entzuna proiektuarekin, herriko udalarekin, eta disko bat atera genuen. Hura lehen pausoa izan zen, baina Hernaniko ondarea handiagoa da". Olanoren gordailua osatzeko, sailkatzeko eta zabaltzeko laguntza eskertuko luke Goikoetxeak. "Erakunde publikoek ondare hori guztia garrantzitsua dela ikusten duten neurrian, beharko diote ekin. Herri baten proiektua da: bere historia eta ondarea zaintzea". Ikertzaileentzat, adibidez, material baliotsua izan daiteke, musikariaren iritziz.

Ez Dok Amairuren Baga, Biga, Higa sentikariaren 1972ko urriko emanaldi bat dago grabaketen artean. Harribitxi gehiago ere bai: Patxi Altuna euskaltzainak Ereñotzuko elizan (Hernani) euskara batuari buruz emandako hitzaldi bat, Gabriel Olaizolak sortutako Schola Cantorum abesbatza Donostiako Viktoria Eugenian Francisco Escuderoren Illeta obra kantatzen... Kultur ekitaldi horiek guztiak Francoren diktadura bete-betean antolatu zirela nabarmendu du Goikoetxeak. "Testuinguru historikoa aintzat hartu gabe ezin da ulertu". Olanoren etxean Radio Paris entzuten zuten, eta irrati emankizun haiek ere grabatu zituen. Goikoetxeak baditu grabaketa batzuk. "Paristik jasotzen zituzten Euskal Herriko eta Espainiako politikako berriak". Bestelako materialak ere ari da aztertzen Hernaniko Musika Eskolako zuzendaria. Tartean dira Olanok euskal presoen bisitak antolatzeko idazmakinaz ondutako paperak —Amnistiaren Aldeko Batzordeak oraindik ez zeuden garaikoak—.

Goikoetxeak Antonio Machado poetaren esaldi bat hartu du lelotzat Olano Fondoa aurkezteko: "Kultura eta jakintza gaietan, gordetzen dena da soilik galtzen, ematen dena irabazten". Goikoetxearen nahia argia da: "Ondarea erakutsi egin behar da".


Joxan Goikoetxea. Ordu ugari pasatu ditu materialak digitalizatzen eta sailkatzen. Andoni Canellada / Foku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.