Euskararen bazterketa salatu dute EHUko Medikuntza ikasleen graduazio ekitaldian

Ikasle batek egindako hitzaldiaren bideoa zabaldu dute sare sozialetan. Ikasle euskaldunak EHUn "bigarren mailako ikasle" direla salatu du.

2019ko ekainaren 7a
10:41
Entzun

EHUk Medikuntza eta Erizaintza fakultateko 600 ikasleren graduazio ekitaldia egin du gaur, eta aurten ere euskaraz ikasteko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek. Mediku zerbitzu gertuko eta kalitatezko bat eskaintzeko, medikuek gaixoaren hizkuntzan aritzearen garrantzia ere nabarmendu dute. Aintzat Hartu osasungintza euskalduntzeko mugimenduak sare sozialen bidez zabaldu du ikasle talde baten ordezkariak egin duen hitzaldia. Ikasle euskaldunak EHUn bigarren mailako ikasle direla salatu du. "Hizkuntza ez da komunikatzeko tresna soil bat. Hizkuntzak gu egiten gaitu, eta horrek kultura baten barruan kokatzen gaitu. Gure hizkuntzaren kontrako edozein jazarpen gure kontrako erasoa da. Zuek zarete erantzule Euskal Herriko Unibertsitatean euskal ikasleak bigarren mailako ikasle izaterena".

Ia sei minutu eta erdiko bideoan, hitzaldiak kritika gogorra egiten dio EHUri. Medikuntzaren pribatizazio prozesua, ikasleek eta irakasleek praktikak egiteko dituzten baldintzak, klientelismo kasuak, eta emakumeen kontrako erasoen aurrean neurri nahikoa ez hartzea salatu du. Dena den, euskararen bazterketaren gaitzespenak hartzen du bideoaren tarterik luzeena.

Mediku graduatu berriek euskararen garrantzia nabarmendu dute, osasungintzan kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko. "Hasiera-hasieratik irakatsi diguzue mediku ona izateko pazienteak gure jardunaren ardatza izan behar direla. Pazientea ez da soilik bere gaixotasuna edo logela zenbakia. Pazientea bere testuinguru osoa da. Pazientea bere hizkuntza da. Zer da gure ogibidea pazienteak gurekin komunikatzerik ez badu? Euskal gizarteak euskal medikuak behar ditu".

Euskararen egoera hobetzeko aurrerapausoak izan direla aipatu arren, ikasleek ez dute uste lortutakoa nahikoa izan denik. Aurrerapausoak ikasleen eta irakasleen ahaleginari esker eman direla gaineratu du hizlariak, "eta ez EHUk hartutako erabakien ondorio". Ildo horretan nabarmendu du EHUk ez duela oraindik medikuntza gradua euskaraz ikasteko aukera eskaintzen. "Ez esan euskara ardatz bezala hartzen duzuenik. Ez esan ez dagoela espezialista euskaldunik. Osasungintza euskalduntzeko Osakidetzaren eta EHUren borondatea baita benetan ez dagoena", salatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.