Biharko egunez, duela 50 urte, topatu zuten Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek Ekaingo koba, eta hark barnean gordetzen zuena, historiaurreko artea: 70 irudi, 64 margolan eta 6 grabatu. Eta irudien artean, bat errepikatuena: zaldiarena. Bizkor jazo ziren hurrengo egunetako mugimenduak: bi egunetara, han ziren Aranzadi elkarteko Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna margolanak egiaztatzen, eta aste bereko ostegunerako burdinazko hesi bat jarria zuten leizearen sarreran, lehen babes neurri gisara. Hasieratik, Ekain turismoaren inpaktutik aparte mantentzeko neurrien alde borrokatu ziren arkeologoak. Sasoi hartan, Altamirako kobek, esaterako, 3.000 bisitari hartzen zituzten egunero, eta, arkeologoen begietara, bistakoa zen joan-etorri hark arte paleolitikoari eragiten zion kaltea.
Hala, Ekaingo ondarea gorde asmotan, Zestoako Udalak erreplika bat sortzeko proiekua aurkeztu zuen, 1996an. Beste proiektu bat ere izan zen mahai gainean orduan: Debako Udalak erreplika Deban egitea proposatu zuen, baina, azkenean, Zestoan egin zuen aurrera asmoak. Motel hasi zen prozesua, laguntza faltagatik, harik eta 2004an Ekain fundazioaren bultzadak bizkortu zuen arte; Zestoako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuten, eta azken biak batu izanak finantzaketan behar zuen egonkortasuna ekarri zion proiektuari.
2007an inauguratzeko prest behar zuena, 2008ko irailaren 12an inauguratu zuten azkenean, Zestoako Sastarrain bailaran. Urte bereko uztailean, Ekain gizadiaren ondare izendatu zuen Unescok, Altxerri, Santimamiñe eta Kantauri ardatzeko beste koba batzuekin batera.
Montignac-eko (Frantzia) ZK enpresak hartu zuen koba barrenean topatutako labar pinturak erreproduzitzeko ardura, Renaud Sansok enpresako arduradunaren zuzendaritzapean. Historiaurreko biztanleek Ekainen margotutako zaldi, hartz, bisonte, ahuntz eta beste izakien kopia ahalik eta zehatzena egiteko engaiatu ziren, eta horrek ere luzatu zuen Ekainberriren irekiera. Koba barruko giroa ahalik eta fidelen sortzeko lanak ere egin zituzten, leize zuloaren benetako tenperatura ekarriz, esaterako.
Jatorrizko koba bisitatzearen esperientziara hurbiltzeko, bisitariei bi itzuli egiteko bidea eman izan zaie ordutik. Aurrenekoa isiltasunean egitea proposatzen dute, eta bigarrena gidari baten azalpenez lagundurik egitea. Erreplikaren zirkuitu horrek osatzen du Ekainberriren gune nagusia, baina beste bi espazio ere hartzen ditu: Ekaingo eta Altxerriko leizeen informazioa jasotzen duen aretoa, ikus-entzunezkoez hornitua; eta tailerren aretoa, eremu didaktiko eta pedagogikoa.
Lau zaldi berri
Leize zuloan sartu, zulo bat agertzen zuten harriak paretik kendu, eta hogei metroko pasabide baten ostean topatu zuten Albizurik eta Rezabalek hormek gordetzen zuten artea. Hasieratik geratu zen argi zaldia zela han figura nagusia. Zaldia ez zen, baina, garai hartako biztanleen espezierik ehizatuena. Eta, ikerketaz ikerketa, ideia bat finkatu da: Ekain santutegi bat izan zela.
1969-1975 artean egin zen lehen indusketa kanpainatik, ikerketa arkeologikoek ez dute etenik izan Ekainen. Duela gutxi jakin zen azken aurkikuntza, iragan abenduan. EHUko eta Durhamgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikerlari talde batek, Blanca Ochoa arkeologoak zuzenduta, lau irudi berri topatu zituen: lau zaldi, laurak buztin gainean grabatuak, hatza erabilita. Ikerlariek nabarmendu zuten hori ez dela ohikoa, labar arteko pintura gehientsuenak ikatzarekin zein okreekin margotuak edo harriekin zizelkatuak izan ohi direlako.
Azkena aurkitutako lau zaldiak orain arte ezagutzen ziren 70 irudiei gehitu zaizkie horrela. Bost metro luze eta metro pasa zabal den galeria batean topatu zituzten, eta bistan geratu zen teknologia berriek kobaren azterketan sakontzeko aukerak ugaritu dituztela, eta oraindik zer aurkitu asko egon daitekeela.
EKAINGO AURKIKUNTZAREN 50. URTEMUGA
Zaldiak kanpora irten zirenekoa
Ekainen topatutako arte paleolitikoa babesteko, 2008an haren erreplika jarri zen martxan: Ekainberri. Duela 15.000 urteko gizakiek koban sortutakoa santutegi bat izan zela erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu