Biktimak

GALek hildako Bixente Perurena gogoratu dute ekitaldi batean

Errenteriako jarduneko alkate Julen Mendozak eta Hendaiako auzapez Kotte Ezenarrok hartu dute parte, besteak beste.

Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea, Perurenaren senideak agurtzen. JON URE / FOKU
2019ko ekainaren 6a
07:01
Entzun

Perurena tabernan egin dute oroimen ekitaldia, Errenteria eta Astigarraga artean. Baserri horretakoa zen GALek 1984an hildako Bixente Perurena (Oiartzun, 1946; Hendaia, 1984). Angel Gurmindo Stein errefuxiatuarekin batera hil zuten, tiroka. 35 urte baino gehiago igarota, ekitaldi jendetsua egin dute gaur. Besteak beste, parte hartu dute Errenteriako jarduneko alkate Julen Mendozak eta Hendaiako auzapez Kotte Ezenarrok. Horiek ez ezik, han izan dira Maria Jauregi Lasa ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, Rafaela Romero PSE-EEko kidea, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) Donostiako alkate ohia, Agus Hernan Foro Sozialeko kidea.

Perurenaren senideek ez ezik, Mendozak eta Ezenarrok hartu dute hitza. "Tematzen gara etorkizuneko errelatoan, eta ahazten zaigu gera daitekeen sufrimendua", esan du Mendozak. Ezenarroren esanetan, "Bixente gogoratzea GALen jarduera ankerra oroitzea da". Kantu eta dantza bidez amaitu dute ekitaldia.

1984ko otsailaren 8ko arratsean hil zituzte Bixente Perurena Peru eta Angel Gurmindo Stein. 37 urte zituen Peruk. Hiru urte lehenago egin behar izan zuen ihes Ipar Euskal Herrira, eta hiru hilabete inguru zeramatzan familiarekin Hendaiako Aizpurdi kaleko etxe batean. Han aurrean tirokatu zituzten. Urte gogorrak ziren euskal errefuxiatuentzat: bi hilabete lehenago, esaterako, GALek Segundo Marey bahitu zuen kale hartan bertan, berrehun bat metrora. Ez Espainiako ez Frantziako epaitegietan inor ez dute inoiz epaitu —ezta zigortu ere— atentatu honengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.