Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27ko osoko bilkuran emango dio behin betiko onespena Polizia Legearen erreformari. Lege proiektua lantzen ari den lantaldeak bilera egin du gaur, eta bertan berretsi da egitasmoa babestuko dutela EAJ, PSE-EE eta PPk. Hurrengo pausoa gaur zortzi emango dute; egun horretan, batzordean emango diote oniritzia legegaiari. Azkenaurreko tramitea izango da, osoko bilkurak emango baitio azken bedeinkapena.
"Polizia eredua indartzea", berdintasuna eta emakumeen presentzia bultzatzeko neurriak sustatzea eta Ertzaintzaren lan karrera hobetzea. Helburu horiek ditu, nagusiki, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan aurrera atera nahi duen Polizia Legearen erreformak. Bosgarren aldaketa izango da. 1992koa da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean sartu zen lehen Polizia Legea. Ordutik, lau aldiz aldatu dute araua, batez ere Ertzaintzako funtzionarioen ordainsarietan eta Ertzaintzako langileen ordezkaritza sisteman moldaketak egiteko. Oraingoan, azken urteotan Espainiako Gobernuak zein gainerako erkidegoek onetsitako legeetan jasotako berrikuntzak jaso nahi ditu Jaurlaritzak.
Orain, onartzekoak diren lege erreformak aurreikusten du kontrol batzorde bat sortzea eta Ertzaintzara sartzeko adina 38 urtera igaotzea. Beste aldaketa bat izango da emakume ertzainen kopurua handitzea, eta egungo %12tik gutxienez %33ra haztea.