Kultur aniztasunaren "lagin bat" izango da Araba Euskaraz

Ekainaren 16an egingo dute jaia Gasteizen, Armentia Ikastolak antolatuta. Lau guneetako egitarauak aurkeztu dituzte.

Armentia Ikastolako haur batzuk, egitarauaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
2019ko ekainaren 4a
12:51
Entzun

Ekainaren 16an izango da aurtengo Araba Euskaraz, Gasteizko Armentia Ikastolak antolatuta. Gaur aurkeztu dute egitaraua. Gertu izango du leloa, "Gasteiztik eta gasteiztarrengandik gertu egotea" helburu duelako, antolatzaileen arabera. Hurbiltasunaz gain, euskararen aldeko eragileen arteko elkarlana nabarmendu dute. Festa "parte-hartzailea, dibertigarria eta kulturanitza" iragarri dute.

"Euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat dakargu Araba Euskarazera, gure gizarte gero eta askotarikoago honetan, guztiok gozatu dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz", adierazi du Ikastolen Ekarteko lehendakari Koldo Tellituk.

Armentia Ikastolako kideek azaldu dutenez, egunean bilduko duten diruarekin beka sistema bat sortu nahi dute, besteak beste. “Laguntza sistema horri esker, Ikastolako ateak zabalik egotea nahi dugu Gasteizko familia guztientzat, euren egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko”.

Ekitaldiak

Jaialdia lau gunetan banatuko dute: Armentia Ikastolan, Prado parkean, Mineral inguruan eta Armentiako zelaietan. Eta 11:00etan zabalduko dituzte ateak. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengo guneak ez dira adinaren arabera banatuko, eta umeentzako jolasak espazio guztietan egongo dira.

Ikastolakoan, ekitaldi hauek izango dira: Gasteiz Kantuz, Ttek elektrotxaranga, Armentia dantza taldea, Big Band Berri jazz banda, herri bazkaria, eta Imanol Iturriño magoa. Horrez gain, aurten ere egingo dute Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastoletako DBHeko mailetako gazteentzako Erronka proba, eta Ikastolako gunean izango da.

Pradoko parkean, berriz, Dantza Plaza, bertsolariak, Potx eta Lotx pailazoak, swing dantza taldea eta O´Xabiren dantzaldia izango dira. Osakidetzak lehen sorospenenei buruzko bi tailer antolatuko ditu zortzi urteko umeentzako.

Mineral gunean, bertsolari, trikitilari, Olatz Pagaldairen bakarrizketa, eta Ham sinfonia korporatiboa, Osterabe, Iont eta Wood String musika taldeak. Artisau azoka bat ere egongo da han, eta Eusko Label gunea.

Armentiako zelaietan, Araba Bizi Karpa jarriko dute. Zumba saioak, munduko musikak —Kolonbia, Bolibia eta Saharako doinuekin—, Dantza plaza, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia eta Skabidean & The Black Birds eta Ze Esatek! musika taldeak.

Gasteiz, euskararen hiriburu

1981. urtean egin zen lehenbiziko aldiz Araba Euskaraz jaia, eta Armentia Ikastolak 2006an antolatu zuen. Ikastetxe horrek 25 urte bete ditu aurten eta 1.200 ikasle baino gehiago ditu gaur egun. Jaialdiarekin "proiektua sendotu" nahi duela azaldu dute antolatzaileek. Gogoratu dute, halaber, Euskal Herrirako eta Gasteizerako bereziki urte garrantzitsua izan dela aurtengoa. Iazko azaro amaieran egin zen Euskaraldiarekin hasi ziren Arabako ikastolen aldeko jaialdirako motorrak berotzen. Korrika izan zuten udaberrian, Gasteizen amaitu zena. Eta Araba Euskaraz ere hiriburuan ospatuko dute.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.