PSOEk ez du begi onez ikusten Txibitek Nafarroan abiatutako negoziazioa

PSOEren zuzendaritzak "ofizialki" esan du ez duela zerikusirik Maria Txibiteren negoziazioekin. EH Bilduren abstentzioa beharko luke PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatutako gobernu posible batek.

Pedro Sanchez eta Maria Txibite Iruñean, hauteskunde kanpainan. JESUS DIGES / EFE
2019ko ekainaren 3a
07:13
Entzun

Txibite Nafarroako Gobernua osatu ahal izateko negoziazio bilerekin hasiko da asteazken honetan, baina gobernua osatzen saiatzeko asmo hori ez dute gogo onez hartu Ferrazen, PSOEren egoitza nagusian. Gobernua osatu ahal izateko, sozialistek EH Bilduren abstentzioa beharko lukete, eta koalizioarekin negoziatzea "marra gorri bat" dela oroitarazi du PSOEk. El Confidencial egunkariak kaleratu du berria lehenik, baina atzetik hainbat albiste agentziak baieztatu dute, Ferrazko iturriak aipatuz.

Maria Txibitek aste honetarako antolatu ditu bilerak gobernukide izan litzakeen alderdiekin. Etzi, asteazkenez, bilduko da Geroa Baiko ordezkariekin; ostegunean, berriz, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin egingo ditu bilerak. Lau alderdiek bat egingo balute, 23 ordezkari edukiko lituzkete. Navarra Sumak, ordea, hogei ordezkari ditu; EH Bilduk, berriz, zazpi. Biek kontra bozkatuko balute, Txibitek 27 boto izango lituzke kontra, eta gobernuak ezingo luke aurrera atera.

Arazoa, Ferrazko iturri horien arabera, ez da hainbeste gobernua osatzeko bozketa, bere horretan. Kontua da Txibiteren gobernuak legegintzaldi osoan EH Bilduren "beharra" izango lukeela aurrekontuak onartzeko eta lege proposamenak aurrera ateratzeko; hori da Pedro Sanchezen taldearen ikuspegia, bederen.

PSOEk ez du adierazpen publiko ofizialik egin gai horri buruz; hedabideen eta albiste agentzien arabera zabaldu dira iritziok. Eta PSNk ez dio Ferrazen esanari publikoki erantzun. Ematen du, hala ere, Txibitek aste honetako bilerei eutsiko diela. PSNko iturri batzuk zabaldu dute, azkeneko egunetan, Txibiteren balizko gobernuak 160.000 boto ordezkatuko lituzkeela, eta parlamentuan 23 kide lituzkeela, eta hori Navarra Sumaren 127.000 botoak eta 20 ordezkariak baino gehiago direla eta, beraz, Txibitek gobernua osatzen saiatzeko zilegitasun guztia lukeela.

Txibitek bere zilegitasuna aldarrikatzen duen arren, eta berak ere EH Bilduri "marra gorria" ezarri dion arren, beste aukera —Navarra Sumako kide batzuk abstenitzea eta haiek Txibiteren gobernua ahalbidetzea—, ez da planteatu ere egiten oraingoz. Javier Esparza eskuineko koalizioaren buruak Txibiteri esan dio "ongi pentsatzeko" zer egingo duen, eta "herritarren mandatua ongi entenditzeko". Gogorarazi dio PSNk 11 ordezkari dituela, eta NSk, hogei.

PPren eta Voxen laguntza Ferrazi

Espainiako eskuinak eta Ferrazen jokabideak elkar hartu dute Nafarroako auzian. PPk eta Voxek, biek, kezka agertu dute PSNren jokabidearekin. Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak sozialistei eskatu die ez "oparitzeko" Nafarroa EAJri eta EH Bilduri, eta zaintzeko Espainiako Konstituzioa. Gogora ekarri du popularrek Patxi Lopezi eman ziotela Eusko Jaurlaritza, "trukean ezer eskatu gabe", nolabait iradokiz orain PSNk gauza bera egin beharko lukeela Navarra Sumarekin. Juanma Moreno Andaluziako presidenteak ere kezka agertu du Nafarroako "kromo trukearengatik"; PSNri eskatu dio ez "emateko" Nafarroa "Batasunaren oinordekoei".

Alfonso Alonso EAEko PPren buruak ere ohar egin die PSNri eta EAJri, esanez ez badiote gobernatzen uzten Navarra Sumari ez dutela babesik emango Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan eta bestelako egitasmoetan. Joseba Egibar EAJren GBBko buruan joan den astean adierazi zuen berak mahai berean ikusten zituela Iruñeko, Gasteizko eta Madrilgo negoziazioak, gobernu guztiak osatzeko. Alonsok bide hori moztu nahi izan du: "Nafarroan egindako txorakeriek ondorioak dituzte Euskadin". Navarra Sumari agintzen uzteko eskatu dio, itzulingururik gabe, EAJri.

Santiago Abascal Voxeko buruak ere bere iritzia eman du Nafarroari buruz. PSN gobernuaren kargu egitea, EH Bilduren abstentzioarekin, "dramatikoa" litzateke bere ustez. Nafarroan era horretako akordio bat egiteak ondorioak izango lituzke Nafarroaz harago, alderdi ultraeskuindarreko buruaren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.