Europako Batasunaren migrazio politika auzitara eraman nahi du nazioarteko abokatu talde batek, "gizateriaren kontrako krimenak" eragin dituela iritzita. Gaur egingo dute salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian. 242 orrialdeko txostena utziko dute Fiskaltzaren esku. Azaldu dutenez, "EB eta estatu kideetako funtzionario eta ordezkariak gizateriaren kontrako krimenekin lotzen dituzten frogak" aurkeztuko dituzte. Abokatuen arabera, EB erantzule da Libiako atxilotze zentroetan gertatzen diren eskubide urraketengatik, migrazio jarioa murrizteko politiken sustatzaile den heinean.
El Pais egunkariak salaketaren zenbait pasarte aurreratu ditu. Testuak jasotzen duenez, EBk eta haren ordezkariek ez zuten deliturik egin zuzenean. Aldiz, ezagutzen zituzten Libiako "atxilotze eta tortura zentroetan" gertatzen diren eskubide urraketak. Jakinaren gainean egon arren, EBk migratzaileak zentro horietara bideratzeko politikak antolatu eta ezarri dituela nabarmendu du abokatu taldeak. Azaldu dutenez, 2014 eta 2017 artean, gutxienez 14.500 migratzaile hil ziren Mediterraneoko uretan. 2016 eta 2018 bitartean, berriz, 40.000 migratzaile baino gehiago atzeman eta indarrez lekualdatu zituzten Libiako zentroetara.
Abokatuek gogorarazi dute Nazioarteko Justizia Auzitegiko Fiskaltzak ikertu dituela Libiako atxilotze zentroetan izan diren krimenak. Hala ere, EBk Libiarekin elkarlanean jarraitu duela adierazi du, herrialdetik Europara abiatzen den migratzaile kopurua murrizteko. "EBren eta estatukideen engaiamendurik gabe kostazain libiarrek ez zuketen ahalmenik izango Libiatik ihes egiten ahalegintzen diren migratzaileak atzemateko eta zentroetan atxilotzeko". Hala, horien kontrako krimenak ez ziren gertatuko, abokatuen esanetan.
Salatu dutenez, EBk migratzaileen ibilbideko tarteko herrialdeak erabiltzen ditu "bitartekari" gisa. Turkia, migratzaileei Greziarako bidea eragozteko; Libia, Mediterraneoa gurutzatu dezatela ekiditeko. Horrenbestez, EBk Libiako zentroetan gertatzen denarekiko zeharkako erantzukizuna duela defendatu dute abokatuek. Migratzaileen egoerari buruzko kontrola egiteko ardura duela ziurtatu dute.
Nazioarteko Justizia Auzitegiko Fiskaltzak erabaki beharko du salaketa aztertzeari bide eman ala ez. Europako Batasuna da Nazioarteko Justizia Auzitegiaren babesle nagusienetakoa.