Ordu laurdena igarotzerako bideratuta zuen Osasunak Kordobaren aurkako partida. Xiscok eta Brandonek gol bana sartu ondoren, 0-2 jarri ziren aurretik gorritxoak. Helbururik handiena lortua zuten Jagoba Arrasateren jokalariek: datorren denboraldian Lehen Mailan jokatzea. Orain, ordea, beste balentria bat ere lortu du Osasunak: Bigarren Mailako txapeldun amaituko du aurtengoa.
Lasai jokatu zuten gorritxoek, baloia ondo mugituz. Buruz egin zuen lehen gola Xiscok, eta Brandoni egindako penalti argia adierazi zuen epaileak hamar bat minuturen bueltan. Barrura jaurti zuen Brandonek, bi goleko aldearekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi, eta hirugarrena egin zuen Luis Pereak, Nacho Vidalen erdiraketa buruz jota. Hortik aurrera, Kordobako jokalariak saiatu ziren markagailuari buelta ematen, baina estuasun handirik gabe iritsi ziren partidaren amaierara Arrasaterenak.
Alfarok eta Piovaccarik egin zituzten etxekoen bi golak, baina ezin izan zuten markagailua berdindu. Hiru puntuak eskuratuta, matematikoki, Osasuna da Espainiako Ligako Bigarren Mailako txapelduna.