Ikus-entzunezkoak

Abian da 2deo, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia

Donostiako Tabakaleran hartu du egoitza, eta ikus-entzunezkoen alorrean euskarazko eskaintza zein kontsumoa indartzea izango du xede; esperimentazioaren bidetik eta sektorearekin elkarlanean.

2deo laborategiaren barruko 'coworking' gunearen irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 31
09:49
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitateak nerabeen ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturei buruz egindako ikerketa bat da proiektuaren abiapuntuetako bat. Datu kezkagarriak azalarazi zituen: hamar edukietatik bi baino ez direla euskaraz gazteen artean. Hori horrela, sektorearekin batera egindako prozesu parte hartzaile bat jarri zen martxan, Amaia Pavon Mondragon Unibertsitateko ikerlariak eta Iban Arantzabal Goiena komunikazio taldeko zuzendariak gidatua, eta hortik sortu da 2deo. "Sektoreari entzun ostean eta gabeziak mahai gaineratu ondoren sortu da", azpimarratu du Arantzabalek. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du proiektua, Etorkizuna eraikiz programaren barruan.

Denera, 500 metro karratu inguru hartuko ditu laborategiak. Instalazio zentral bat du erdigunean, zeinak bi "harmaila" dituen alde banatan, bakoitzaren aurrean proiekzioak, tailerrak eta bestelako ekintzak egin ahal izateko. Bien artean, gainaldean, elkargunerako espazio bat prestatu dute, laborategian lanean arituko diren eragileak gurutzatzeko pentsatu dutena. 2deoko lan taldea ere bertan egongo da, haiei laguntzeko. Haren azpian coworking gune bat atondu dute, 18 posturekin; erdiak ordenagailu guztiz ekipatuak dira, eta beste erdiak norberak bere ordenagailuari konektatzeko pantailak. Denak sistema zentral batera konektaturik egongo dira, eta, modu horretan, toki bat baino gehiagotik egin ahalko da lan proiektu beraren gainean.

Beste espazio bat zabaltzen da instalazio zentral horren ondoan, hiru gela dituena. Edizio gelak dira horietako bi, eta "antzokia" deitu dutena da hirugarrena; puntako soinu-ekipamenduarekin eta pantaila handi samar batekin, edukiak elkarbanatzeko eta saltzeko gela izango da.

Markel Olano jarduneko Gipuzkoako ahaldun nagusiak "estrategikotzat" jo du proiektua, gaur goizean egindako ate irekieran. Bi ideia nabarmendu ditu: sektoreak agertutako beharra, eta ikuspegi ekonomikotik izan dezakeen garrantzia. Nerabe ugarik euskara eskola eremuarekin lotzen dutela ere aipatu du, kezkaz, eta 2deo haien artean hizkuntzaren erabilera indartzeko "bokazioa" duen proiektua dela azpimarratu.

85 proiektu aurkeztu ziren iaz 2deora, eta horietatik 23 martxan dira jada laborategian. Bi aste barru zabalduko dute proiektu berriak aurkezteko deialdi publikoa. Hori izango da 2deora sartzeko moduetako bat. Bestea, nazioartean mugitzen diren behatzaile talde baten esku izango da; Euskal Herrira ekar daitezkeen proiektuak ikusiz gero, proposamenak egingo dizkiote 2deoko lan taldeari.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak azaldu du, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa indartzea helburu "zaila" dela, baina horretarako testuinguru aproposena dela Tabakalerakoa. Bertan dauden erakundeak lagun izango dituelako 2deok: Zineuskadi, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Elias Querejeta Zine Eskola, horien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.