Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza gehien duen sektore arteko enpresa erakundea direla aldarrikatu du Agustin Mendiola Erkide kooperatiben elkarteko zuzendariak, eta hori horrela izanda ere, ez daukatela ordezkaritzarik Lanbideko administrazio kontseiluan. “Lanbiden ez bagaude, hori Confebasken presioagatik da”. Argi eta garbi esan du zein den arrazoia. Aurten dira hamar urte enplegurako euskal erakundea martxan jarri zenetik, eta ordutik ari dira kooperatibak bertan ordezkaritza eskatzen, baina Jaurlaritzatik arrazoi juridikoak aipatu izan dizkie hori horrela izan ez dadin. “Baina ez dago halako arrazoirik”. Nafarroako enplegu zerbitzua jarri du horren lekuko, lan elkartuko kooperatibak bertako kide direlako. “Hori aldarrikatzen dugu guk; badakigu, hala ere, ordezkaritza izatera iritsiko garela”.
Erkidek bere baitan hartzen dituen kooperatiben zenbatekoak, eta horientzat lan egiten duten langileen kopuruak baliatu ditu Mendiolak leku hori eskatzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.184 kooperatiba biltzen ditu elkarteak, eta 54.856 langile. Horietatik %86 langile sozioak lirateke. Iazko datuak dira horiek, eta 2017. urtearekin alderatuz gero 30 kooperatiba berri sortu ziren, eta 578 enplegu sortu. Aurten datu horiek hobetzea aurreikusten dute: 60 kooperatiba berri sortzea espero dute, eta 1.250 kooperatiba biltzera iritsiko litzateke elkartea, eta 1.000 lanpostu sortuko lirateke euren kalkuluen arabera.
Nekazaritza kooperatibekin fusioa
Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioa (ENKF) eta Erkide fusionatu egin dira, gainera, aste honetan bertan, eta horri esker Erkidek nekazaritzako elikagaien kooperatiben atala izango du hemendik aurrera. Erkide nekazaritza atal propioa izango dute, eta autonomia izango dutela esan du Mendiolak. Fusioari esker, beraz, Erkidek sektore aniztasun zabaleko kooperatibak hartzen ditu bere baitan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denetara 1.625 kooperatiba daude, eta horientzako 60.400 langilek egiten dute lan. Bada, Erkidek bere baitan hartzen ditu kooperatiba horien guztien %73 inguru, eta langileen %90 inguru.